Kazeta

V. Foro Sozialak egia eta erreparazioa izanen ditu aztergai

Urriaren 5ean Iruñean eta urriaren 6an Bilbon eginen da V. Foro Soziala. Gatazkak eragindako mota guzietako biktimak, haien aitortza eta egia ezagutzeko eskubidea landuko dituzte konferentzia honetan. Nazioarteko eta Euskal Herriko adituek parte hartuko dute.

Aitzpea Leizaola, Harold Good eta Juanjo Espina ekimenaren aurkezpenean. (@ForoSoziala)
Aitzpea Leizaola, Harold Good eta Juanjo Espina ekimenaren aurkezpenean. (@ForoSoziala)

Foro Sozial iraunkorrak Iruñean eman ditu urriaren 5 eta 6an iraganen den V. Foro Sozialaren xehetasunak. Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak izenburupean, lehen konferentzia urriaren 5ean Iruñeko Planetarioan izanen da. Urriaren 6an berriz, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoak hartuko du lekukoa. Sarrera librea da parte hartu nahi duen ororentzat.

Iruñeko saioari arratsaldeko 16.00etan emanen zaio hastapena. Foroaren izenburu berarekin Brandom Hamber Belfasteko Ulster Unibertsitateko katedradunak hitzaldia eskainiko du.

Ondotik, Inma Errea idazleak gidatuko duen Egia eta erreparaziorako mekanismoak izeneko mahai ingurua iragarri dute. Paco Etxeberria forentseak erreparazioa dakarten ikerlanen berri emanen du. Bertha Gaztelumendi Argituz elkarteko kideak Memoria partekatu baterantz ikerketa aurkeztuko du, eta Amaia Kowasch historiagilea bereziki 1978ko sanferminetako egiaren batzordeaz arituko da.

Biharamunean eginen den Bilboko saioa goizeko 9.00etan hasiko da, Sufrimenduaren kartografia integral baterantz egitasmoaren aurkezpenarekin. Aitzpea Leizaola antropologo eta Foro Sozial iraunkorreko kideak hartuko du hitza.

V. Foro Sozialari amaiera emate aldera, Egia eta Justizia: Nazioarteko erreferentziazko esperientziak, euskal kasuaren erronkak eta proposamenak mahai ingurua eginen da, Amaia Alvarez kazetari eta zuzenbide irakaslearen eta Jon Mirena Landa zuzenbide katedradunaren partaidetzarekin. Nazioarteko ereduak jarraituz, Euskal Herrian trantsiziozko justizia prozesu bat jartzeko bideak landuko dituzte.

Gogoetarako espazio bat sortzea helburu

Helburuen artean, nagusia, biktimen alorrean gogoetarako espazio bat sortzea dela azpimarratu dute Foro Sozial iraunkorreko kideek. Bertan ideiak, proposamenak eta lan ildo berriak identifikatu nahi dituzte, horien bidez bake prozesuak memoria eta bizikidetzaren eraikuntzan erronka berriei erantzun bat eman ahal izateko.

Iruñea eta Bilboko jardunaldiak Foro Sozial Iraunkorrak 2018-2019 ikasturterako finkatu dituen lan ildo nagusien baitan kokatzen dira. Ezagutzera eman dutenez, hiru dira hurrengo hilabeteetan elkargunearen lana ezaugarrituko duten gakoak: batetik, orotariko indarkerien biktimen aitortzan atzeraezinezko urratsak egitea; bigarrenik, euskal presoen auziari irtenbide integral bat ematea; eta azkenik, gatazkaren kontakizun guziak errespetatuko dituen memoria inklusibo bat eraikitzea.

Urriaren 5 eta 6an aterako diren ondorioak azaroan aurkeztuko dira Gasteizen eta horiek izanen dira memoria eta bizikidetza gaiei loturik Foro Sozial Iraunkorraren hurrengo urteetako lana orientatuko duten oinarriak.