Kazeta

“Albaniaren konkista” ikusgai eta Joseba Asiron hizlari Izuran

Oztibarreko ikastolak antolaturik, Latsaga Jauregia eta Albaniaren konkistari buruzko gertakari historikoa ezagutzeko parada izanen da Izuran. Urriaren 5ean Albaniaren Konkista filma emanen dute eta urriaren 6an Joseba Asiron mintzatuko da.

Joseba Asironek mintzaldi bat emanen du. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Joseba Asironek mintzaldi bat emanen du. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Joseba Asiron historialari ezagun eta egun Iruñeko auzapez denak mintzaldia eskainiko du heldu den urriaren 6an Izurako Herriko Etxean, arratseko 20.30ean. Bezperan, ordu eta leku berean, Albaniaren konkista filma izanen da ikusgai.   

Modu horretara, Oztibarreko ikastolak XIV. mende amaierako gertakari historikoa ezagutzera eman nahi du. Garai hartan, Luis Beaumont Nafarroako infantea Albaniako Durazzo hiriko Joana dukesarekin ezkondu zenez, bertako dukea ere bazen.  

Albanian Luis Beaumont egoera larrian zela, Karlos II.a Nafarroako erregeak (1349-1387) 500 gudari inguru bidaltzeko eskatu zion Izurako Pes Latsaga jaunari. Honek Nafarroako konpainia antolatu zuen eta 1376an Albaniaren konkista helburu zuen espedizioaren buru jarri zen.

Gertakari historiko honi buruzko filma 1984koa da. Anfonso Ungría madrildarrak zuzendua, hainbat euskal aktore ezagunek parte hartu zuen, konparazio batera, Xabier Elorriaga, Klara Badiola eta Patxi Bisquertek.

Xehetasun historikoei buruzko azalpenak berriz, Joseba Asironen eskutik jinen dira, egun bat geroago. Historialari, irakasle eta egun Nafarroako hiriburuko auzapez, zenbait lan argitaratu izan ditu bakarka edo beste egile batzuekin batera. Besteren artean, 50 fechas clave de la conquista de Navarra, Euskal Herriko historia ilustratua, 1512 Nafarroa- Amets urratua edo Agur, Iruñea nabarmendu daitezke.