Iurre BIDEGAIN

Talde dinamizatzaile bat sortu dute EHZri segida emateko

Hamar bat gaztek osatuko dute EHZ elkarteari segida emanen dion talde dinamizatzailea. Gazteek martxora arteko epea dute gaur egungo beharrei erantzunen dien proiektu berri bat sortzeko. Taldean parte hartzeko deia luzatu dute.

Talde dinamizatzailean Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako gazteak presente daude. ©Coralie MIGNE
Talde dinamizatzailean Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako gazteak presente daude. ©Coralie MIGNE

Gazteen engaiamendu eza dela eta, EHZ elkartearen biziraupena mehatxatua zegoen. Badira bi aste Itsasun antolatutako biltzarrean egitasmoari segida ematea bozkatu zutela hitzorduan parte hartu zuten 50 bat pertsonek. Horretarako, hamar bat gaztek osaturiko talde dinamizatzaile bat sortu dute. Martxoa baino lehen gaur egungo errealitatea kontuan hartuko duen egitasmo bat aurkeztu beharko du aipatu taldeak.

Azken biltzar nagusiaz bilan "baikorra" egin du Leire Fagoaga gazteak. "EHZ elkartea beti bizirik da eta oso motibatuak gaude", aitortu du. Nahiz eta oraingoz proiektu finkorik ez ukan, laster elkartzen hasiko da taldea geroari begira zer egin erabakitzeko. Hain zuzen, lehen bilkura ostegunean iraganen da Itsasun.

Talde horretan Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako gazteak presente daudela goraipatu du Fagoagak. "Ikusi dugu gazteak elkarteari atxikiak daudela. Gazterian presente dago eta hori oso baikorra da lanean segitu ahal izateko. Taldea oso gaztea da, baina aitzineko belaunaldiko partaideek gure ibilbidea hurbiletik segitzen dute", erantsi du.

Lehen etapa gisa, talde dinamizatzailea elkartu eta eztabaidari eutsiko dio. Hasiera batean, astean behin elkartuko direla azaldu du Leire Fagoagak. "Garrantzitsua da zorroztasuna eta erregulartasun hori errespetatzea proiektu berria martxan jartzeko. Gisa berean, norberaren engaiamendua ere inportanta da", nabarmendu du.

Garroa hustua, auzolanean

EHZ elkarteak permanenterik ez duenez, iragan den asteburuan auzolan bat antolatu zuten Lekorneko Garroa gazteluan kokatua zen bulegoa husteko. Fagoagaren erranetan, 50 bat lagun elkartu ziren auzolanean. Horien artean, "orain arte ikusi gabeko gazteak" ere presente zirela azpimarratu du.

Lankidetzan bulegoa hustu eta Itsasura lekualdatu dute. EHZ elkartea bere izenean den materiala beste erakunde batzuei uzteko prest agertu da. Konparazio batera, festibalean orain arte erabilitako komun idorrak Irungo Lakaxita gaztetxeari utzi dizkio. Oroitarazi behar da, gazte gipuzkoarrak hirira heltzen diren etorkinen aldeko harrera lanean murgilduta daudela azken hilabeteetan.