Iurre BIDEGAIN

EHZ: biltzar nagusi erabakigarria

EHZ elkartearen geroa aipagai izanen da irailaren 15ean Itsasuko Goxoki Gaztetxean iraganen den biltzar nagusian. Orain arteko proiektuari segida eman edo beste mota bateko egitasmo bat sortzeaz eztabaidatuko dute, besteak beste. Gazteei parte hartzeko deia luzatu die elkarteak.

2017ko EHZren edizioa bertan behera uztea erabaki zuen elkarteak. (Bob EDME)
2017ko EHZren edizioa bertan behera uztea erabaki zuen elkarteak. (Bob EDME)

Bere etorkizunari begirako erabaki bat hartuko du bihar EHZ elkarteak. Iazko edizioa bertan behera uztea erabaki zuenez geroztik, hausnarketa prozesu bat abiatu du proiektuari zein segida eman eztabaidatzeko. Hain zuzen, hilabete hauetan herriz herri bilkurak antolatu ditu gazteen iritziak biltzeko. Parte hartze eskasa eta "barne komunikazio arazoak" direla eta, elkartea desegin edo lanean segituko duen erabakiko du larunbatean Itsasuko Goxoki gaztetxean, 10.00etan hasiko den bilkuran.

Azken biltzarretan soilik lau-zortzi pertsona agertu direla deitoratu du Xabier Tubal Abrisketa EHZ elkarteko kideak. Egitasmoaren baitan "helburu finkorik" ez dagoela azaldu du eta denboran iraun ahal izateko horiek finkatzea funtsezkotzat jo du. Ildo horretatik, "talde motorra" eratzeko 10-15 lagunen izenak bildu nahi ditu elkarteak.

"Jendea lan egiteko prest egon behar da, etxeko lanak izateko prest. Ez da sakrifizio bat, plazerez egiten den lan bat baizik. Elkarlan horrek 23 urte iraun du, baina jendearen mentalitatea aldatu da. Nik galdera bat pausatuko nieke hogeita hamar urte beherako gazteei: etorkizunean zer esango diezue gazteei? Zein mezu pasako diezue?", galdetu du Abrisketak.

Urte hauetan elkartean parte hartu duten pertsona kopuruaren bilakaera aipatu du. "2013an 120 bat lagun elkartzen ginen eta aurten, 10-12etara pasatzen bagara irakurketa bat egin beharko da. Ez da grabea izango. Ez da hil ala biziko kontua. EHZ bukatzen bada, bukatu behar da ongi, duintasunarekin, burua gora", gehitu du.

Beste aterabidea ere aipatu du kideak. Hots, gazteek proiektuari segida ematea edo beste forma bat ematea erabakitzen badute, gogo horri eutsi behar zaiola pentsatzen du. "Beste hainbat proiektu sortu daitezke, hala nola, birziklatze talde bat, errefuxiatuei harrera egiteko egitura bat edo gaztetxeen kolektibo bat. Ideiak eta helburu finkoak ekarri behar dira biltzar nagusira", azaldu du.

Auzolana Lekornen

Irailaren 22 eta 23rako auzolan bat antolatu dute Lekorneko Garroa gazteluan. Hain zuzen ere, bertan dagoen bulegoa hustu eta materiala kendu behar da. "Bi egun horiek ere elkar eztabaidatzeko mementoak izanen dira. Zerbait ateratzen bada 15ean, eztabaida horri segida ematen ahalko diogu", erran du.

EHZk urte hauetan garatu eta hedatu duen filosofiarekin bat egin nahi duen orori biltzar nagusian parte hartzeko deia luzatu dio elkarteak. Parte hartzeko zerrenda horretan larunbata baino lehen izena eman nahi duenak zenbaki honetara dei dezake: 06 60 88 29 05.