Idoia ERASO

Picasorren artea nagusi “Biarritz 1918-2018” erakusketan

“Biarritz 1918-2018” erakusketak Picassoren “Bainulariak” obra du ardatz nagusi. Estreinatu zutenez geroztik 10.000 bisitari bildu dituen ekimena irailaren 30era arte izanen da ikusgai Bellevuen.

Lapurdiko hirian margotu zuen «Bainulariak» obra. ©Isabelle Miquelestorena
Lapurdiko hirian margotu zuen «Bainulariak» obra. ©Isabelle Miquelestorena

Bi urteurren ospatu eta batu ditu obra oso eklektikoak biltzen dituen erakusketak. Alde batetik, Pablo Picassok “Bainulariak” obra Biarritzen egin zuenetik mende bat iragan da eta, bestetik, Euskal Herriko Goi Mailako Arte Eskola ireki zenetik hamar urte betetzen dira aurten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Bi urteurren horiek ospatzeko bi garaiak uztartu nahi izan dituzte, nahiz eta horren inguruan egiten diren loturak ez diren argi gelditzen ikuslearen begietara. Mendeak bereizteko, Picassoren garaia urdinez margotutako hormetan ezarri da eta garaikidea, zuriz. Erakusketak bata bestearen parean kokatuak dira; bi aldeekin gai beraren gaineko irakurketa ezberdinak proposatu nahi izan ditu Didier Arnaudet komisarioak.

XX. mendeari buruzko aldean Jean Cocteau, Gabrielle Coco Chanel eta Guillaume Apollinaire erakusketako protagonista gisa aurkeztuak izan badira ere, instalazioaren erakargarritasuna Picassoren obretan oinarritu da. Pariseko Picasso Museoak utzitako bi margolan eta hainbat irudi dira artistaren obra original bakarrak, bainulari “protagonistez” gain. Gainerakoak Biarritzen egon zen bitartean Mimoseraie etxean egin zituen freskoen eta beste hainbat obraren kopiak dira. Garaian Picassoren emaztea zen Olga Khokhlovak gordetako hainbat dokumentu ere ikusgai daude.

Arte garaikidea

Erakustaldiaren zati “zurian” hamargarren urteurrena ospatu duen Arte Eskolara arrazoi ezberdinengatik bertaratu diren artisten obrak daude ikusgai. Bereziki Estatu frantsesean ezagunak diren margolari, eskultore eta argazkilarien lanak ikus daitezke. Daniel Buren, Nina Childress, Delphine Coindet, Pascal Convert, Denis Darzacq, Marc Desgrandchamps eta Herve Di Rosa daude, besteak beste.