Kazeta

Lerra kirolak eta euskara eskutik helduta Gliss Egunean

Gliss Egunaren hamabosgarren edizioa ospatuko da heldu den irailaren 16an. Seaskak bultzaturik eta hogei elkarteren parte hartzearekin, Angeluko itsas bazterrean ekimen andana bat antolatua izan da. Bezperan berriz, urteroko surf lehiaketa iraganen da.

Lerra kiroletan euskaraz hitz egitea sustatu nahi du Glissegunak.
Lerra kiroletan euskaraz hitz egitea sustatu nahi du Glissegunak.

Hogei elkarterekin elkarlanean, Seaskak Gliss Eguna antolatu du hamabosgarrenez. Lerra kirolak eta euskara batzen dituen ekimenaren hitzordu nagusia irailaren 16rako iragarri dute, Angeluko Skatepark gunean eta Barra zein Zaldunen hondartzetan. “Lerra kirolak ere euskal kirolak direla aldarrikatzea eta aisialdian euskararen erabilpena bultzatzea dira helburuak”, dio antolatzaileek igorritako oharrak.

Egun osoan zehar, kirol ainitz urririk ezagutzeko parada ukanen du bertaratuko den orok. Beste behin, mota guzietako ikaspen, lehiaketa, ikusgarri eta animazioekin osatu dute egitaraua. Goizeko 10.00etan emanen zaio hastapena egunari. Skate ikastaldiekin batera, Shiatsu igurtzaldi edo masajeak hartzeko aukera izanen da.

Hortik aitzina, hamaika saiotan gozatu eta parte hartu ahalko da. Erraterako, Yoga, Skimboard edota salbamendu ikastaldietan, hasi berriendako fitness saioan, hip hop, capoeira zein kung fu erakustaldietan, eskalada egiteko rokodromoan, haur nahiz helduei zuzendutako surf ikastaldietan edota haur ttipiendako gimnastika gunean. Horiek eta ainitzez gehiago dira Gliss Eguneko egitarauan aurki daitezkeen jarduerak.

Inguruak girotzeko, musikak ere bere lekua hartuko du. Eguerditik aitzina, Maialen Alfarok sofro- kontzertua eskainiko du hondartzako leku intimo batean. Ondotik iraganen dira Zortzi folk taldea, afrikar perkusioak jotzen dituen Les Frercussions eta baita Lenao pop-rock banda ere.

Antolatzaileek ez dute ahantzarazi nahi izan bezperan urteroko surf lehiaketa izanen dela. Lapurdi Surf elkartearekin batera antolaturik, Klub eta Urrezko hondartzetan goizeko 08.00etan hasiko da izen ematea eta goiz osoan zehar iraganen da lehiaketa. Arratsaldeko sari banaketa eta zintzur bustitzearekin borobilduko dute larunbateko eguna.

Beraz, egun goxo bat pasatzeko, ikasteko eta euskaraz aritzeko aktibitatez beteriko asteburua proposatu du Seaskak Angelun. Egitarau osoa http://glisseguna.blogspot.com helbidean ikusten ahal da.