Kazeta

Euskal Selekzioak Venezuelaren kontra jokatuko du urriaren 12an

Gizonezkoen futbolean, Euskal Selekzioak Venezuelako selekzioa hartuko du datorren urriaren 12an, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian. 38 urte dira azkenekoz partida bat bertan jokatu zuenetik. Norgehiagokari arratseko 20:45ean emango zaio hasiera.

Euskal selekzioa San Mamesen.
Euskal selekzioa San Mamesen.

Euskadiko Futbol Federazioak agorrilaren 27an iragarri zuen, heldu den urriaren 12an Euskal Selekzioak eta Venezuelak indarrak neurtuko dituztela Gasteizko Mendizorrotzan. Euskal konbinatuak nazioarte mailako futbolaren erakunde nagusia den FIFAk ezartzen dituen data ofizialen barnean jokatuko duen lehen partida izanen da.

Euskadiko Futbol Federazioa da Euskal Selekzioaren partidak antolatzeko ardura duen erakundea. FIFAren estatutuek diote, selekzio batek nazioartean ofizialki parte hartzeko estatu independente bat ordezkatu behar duela edo barne den estatuko federazioaren (kasu honetan Espainiakoaren) baimena izan behar duela. Egun ez dira baldintza hauek betetzen eta FIFAk ez du ofizialki onartzen Euskal Herriko selekzioa. Hori dela eta, oraingoz lagunarteko partidak baino ez ditzake joka.

Gaur arte, Euskal Selekzioak eta Venezuelak elkarren kontra bitan jokatu dute. 2007ko ekainean Venezuelako San Cristobalen euskaldunak nagusitu ziren (3-4). 2010eko abenduan berriz, Bilboko San Mames zaharrean lehiatu ziren eta kasu honetan ere, etxekoak gailendu zitzaizkien amerikarrei (3-1).

Bestalde, 38 urteren ondotik, Euskal Selekzioak Gasteizen jokatuko duen bigarren aldia izanen da. 1980an Hungaria izan zuen parez pare eta orduko hartan euskaldunek jipoi handia jaso zuten (1-5).

Euskal futbolari gizonek Euskal Herriko koloreak defendatuz jokatu zuten azken lagunarteko partida berriz, Peruko selekzioaren kontrakoa izan zen, 2016ko abenduan Bilboko San Mames Barrian.