Kazeta

Astekari digital bat euskaraz

Ttap izena izanen du. Zero alea aurkeztu dute dagoeneko. Hamabost minututan irakurri daitekeen hedabidea da eta Bizkaia zein Gipuzkoako berriak landuko ditu hainbat maneraz.

Joseba Sarrionandia Ttap aldizkariko kolaboratzaileetako bat izanen da.
Joseba Sarrionandia Ttap aldizkariko kolaboratzaileetako bat izanen da.

Artikulu idatziak, audioak edota bideoak. Horrelako euskarriekin argitaratuko dute Ttap izeneko aldizkari berria. Guztiz digitala izanen da beraz, baita euskaraz ere. Hamasei orrialdeko aleak argitaratuko dituzte astero, irailetik goiti eta dagoeneko zero alea aurkeztu dute sortzaileek.

Monika Belastegi egitasmo horren zuzendaria da. Bere erranetan, Ttap bezalako tresna bat falta zitzaion orain arte euskarari. Errex irakur daitekeena eta edonon. Hunki nahi duen publikoa berriz, gazteak dira.

Aldizkari berriak Gipuzkoako zein Bizkaiako gaiak landuko ditu. Hori dela-eta, tokiko beste hainbat hedabidek lagundu dute proiektua aitzina eramaten, Anboto Durangaldeko kazetak (Bizkaia), Baleike Zumaiakoak (Gipuzkoa), eta Goiena Debagoienekoak (Gipuzkoa), adibidez.

Kolaboratzaile ospetsuak

Ttap sortzeko, Kataluniako hedabide bat hartu dute oinarritzat. Esguard du izena, eta 2012an hasi zen bere ibilbidea egiten. Lau urte iragan ondoren, ehun bat ale argitaratu dituzte, eta Ttap proiektua lagundu dute batez ere.

Irailean aterako den lehen alea irakurtzeko, App Store edo Play Store-ra jo beharko da. Ttap aplikazioa aurkitzen ahalko da bertan eta telekargatu ondoren, osoki irakurgai izanen da. Kolaboratzaile batzuen izenak ezagun egin dira jadanik : Arantxa Urretabizkaia, Joseba Sarrionandia, Izaro Andres, Pilar Kaltzada edo Unai Iturriaga, besteak beste.