Iurre BIDEGAIN

Mihia askatu urratsez urrats

Beste urte batez Euskal Herrian gaindi ibiltzen den barnetegia antolatu du AEK-k. Hondarribitik abiatu eta, euskaltzaleak Ipar Euskal Herrian daude egun hauetan. Berrogei bat ikaslek euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarria mendi tontorretara eramaten dute bi astez.

Oinezko barnetegi ibiltaria uztailaren 16an abiatu zen Hondarribitik. ©AEK
Oinezko barnetegi ibiltaria uztailaren 16an abiatu zen Hondarribitik. ©AEK

Larrun mendira igo eta, Saran bazkaltzen harrapatu ditugu barnetegi ibiltariko parte hartzaileak. Uztailaren 16an Hondarribitik abiatu, Olhetatik pasatu eta Ainhoara heldu dira. Uztailaren 30a arte Euskal Herrian gaindi ibiliko dira euskararen erabilpena sustatzeko.

Badira hemezortzi urte barnetegi ibiltariak antolatzen dituela AEK-k, oinez eta txirrindulaz. Aurtengo ekimena lehen aldiz Ipar Euskal Herriko GR10etik ibiliko da. Hainbat herri ezagutuko dituzte ekimenean parte hartzen duten hogeita hemezortzi euskaltzalek. Iparla, Munoa eta Iratiko mendiak ezagutuko dituzte.

Egun bakoitzean, bataz beste, 20-25 kilometro egiten dituzte. Etapa bakoitzeko txoko interesgarrietan gelditzen dira eta ikusten dituzten lekuei buruzko informazioa banatua izan zaien liburuxka batean ezagutu dezakete.



"Barnetegi ibiltariaren asmoa mingaina askatzea da. Batzuk trebezia gehiagorekin hitz egiten dute, beste batzuk ez hainbesterekin, baina denak ondo ibiltzen gara", azaldu du Asier Arroita arduradunak. Esperientzia errepikatzen dutenak eta lehen aldiz deskubritzen dutenak elkartzen dira.

Haietakoa da Ana Bados. Iruindarrak bere ahizparekin, ahizparen mutilarekin eta bere pisukidearekin batera parte hartzen du barnetegi ibiltarian. Badira hamabost urte euskara ikasten duela eta egitasmoa parada polita iruditzen zaio euskaraz bizitzeko. "Oso aukera polita da. Auzolana, jende berriaren ezagutza eta mendien ikustea uztartzen duzu memento berean. Opor bikainak dira, ezin dugu deus gehiago eskatu", azaldu du.

Arroitak bezala, barnetegi ibiltariko alde baikorrena "taldea" bera dela azpimarratu du Badosek. "Gure artean elkartasuna dago, batez ere mendian. Memento batzuetan indartsuago gaude, beste batzuetan gutiago, baina elkar laguntzen dugu", aipatu du Ana Badosek.

Uztailaren 19an Bidarraiko bidea hartu du taldeak eta bi egunez Baigorrin egonen da. Bertan, herritarrekin zein Urepeleko barnetegiko parte hartzaileekin batera afari goxo bat antolatuko du. Igandean, Donibane Garazira ailegatuko da eta ikasle batek bisita gidatu bat eskainiko die beste kideei. Astelehenetik aitzina, Santa Grazirantz martxa hartu eta etxera itzuliko dira uztailaren 30ean.