Frantziako Estatuaren "borondate aldaketaren adierazle" den Mont de Marsango espetxetik abiatu da gaur goizean Sarek eta Bagoazek antolatu duten bizikleta martxa. Ekimenaren berri ematean adierazi zuten eragile bietatik espetxe horretan ikusi dela «gizarte zibilaren lanaren garrantzia», Naiz atariak azaldu duenez.
Hala nabarmendu dute Sare eta Bagoazeko ordezkariek Mont de Marsango espetxe atarian egin duten ekitaldi laburrean. Inaxio Oiarzabal eta Emilie Martinek hartu dute hitza bi eragileen izenean eta azken hilabeteotan izandako mugimenduetan gizarte zibilaren ekimenak izan duen balio azpimarratu dute. Martinek gogoratu du, hala ere, gerturatzeaz gain gaixo diren presoak aske uztea eskatzen ari direla eta baita zigor luzeak beteta kalean egon beharko luketena ere. Espres aipatu ditu Ion eta Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu. Oiarzabalek ere bide beretik gogoratu du larriki gaixo direnen egoera eta Espainiako Estatuan zigorren batuketak bertan behera uzteko beharra azpimarratu du eta baita euskal presoak lehen gradutik ateratzeko beharra ere.
11.00ak pasatxo ekin diote txirrinduzaleek bideari Mont de Marsandik eta Baionara iritsiko dira gaur bertan. Larunbateko etapa Donostia artekoa izango da eta gandean Altsasura iritsi asmo dute. Astelehenean beteko dute ibilbidea Zaballan, aurrez Gasteiztik igarota.