Joseba Aurkenerena

Le Dauphin itsasontziko urruñarrak

Tarteka, aurkikuntza berriek gure historia aberasten dute. Hori da 2003an, Xabier Lamikizek Londresko artxiboan topatu gutun multzoarekin gertatzen dena. 50 bat gutun dira, lapurteraz idatziak, eta Le Dauphin itsasontzian Kanadara zihoazenak. 1757ko apirilaren 9an, ingelesek ontzia erasotu eta merkantziak zituzten bahitu. Orduz geroztik, gutun hauek mutu egon dira Londresko artxiboan. Artikulu honetan, Aurkenerena soil-soilik mintzatzen da urruñarrei buruz egiten dituzten aipamenez.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Euskararen arloan izan ditugun azken aurkikuntzen artean nabarmentzekoa dugu 2003an, Xabier Lamikizek Londreseko artxibategian topatutako gutun multzoa. Lamikizek, bere tesia egiteko informazioa bilatzen ari zela, ustekabean, 50 euskarazko gutun zaharrak topatu zituen. Lapurteraz idatzita zeuden eta 1737an Baionatik Kanadako Louisbourg hiri frantsesera zihoan Le Dauphin izeneko ontzian zeramatzaten. Nehoiz ez ziren iritsi.

1.- Le Dauphin ontziaren historia laburra.-

    Le Dauphin ontzia Jean Laborde negozio-gizonarena zen eta Martin Lermet 36 urteko ziburutarra zen kapitaina. Ontziak 60 tona har zezakeen eta 36 gizonez osaturiko eskifaia zuen, gehien-gehienak lapurtarrak zirenak, eta batez beste, 22,8 urteko adina zutenak.

    Ontzia garraiorako erabiltzen bazuten ere, kortsurako ere lizentzia bazuen. Hori dela eta, 8 kanoiz armatua zen. 1757ko apirilaren 7an Baionako portutik abiatu zen garai hartan frantses kolonia zen Louisbourg hirirantz. Jakin badakigu hiri horretan, Ternuan, Saint Pierre et Saint Mikelune-n eta Kanadako beste hainbat lurralde eta hiritan gertatzen zen bezala, euskaldun ainitz bizi zirela. Ontzian arnoa, oihalak, arropak, zapetak eta horrelako hornidurak zeramatzaten Louisbourgen eta inguruetan saltzeko asmoz.

    Baionatik Luisbourgera 4.100 kilometro daude eta 8 asteko bidaia behar zuten iristeko eta 4 aste, joairen laguntzaz, itzultzeko. Frantziaren eta Ingalaterraren arteko Zazpi Urteko Gerlaren garaia zen. Apirilaren 9an hiru itsasontzi ingelesek Le Dauphin inguratu eta harrapatu zuten. Usaian egiten zen bezala, bertako agiri guztiak hartu eta Londreseko artxibategira eraman zituzten, heien artean lapurteraz idatziriko 50 gutunak.

2.- Urruñarrak Le Dauphin ontzian.-

    2016ko apirilaren hondarrean, Xabier Lamikizek, Xarles Bidegainek eta Manu Padillak gutun horien nondik norakoak sakon aztertuz egindako lan mardula plazaratu zuen Iker Taldeak Lapurdum aldizkariaren ale berezi batean, Othoi, çato etchera  izenburupean, horixe baitzen gutunetan ainitzetan errepikatzen zutena.

    Liburu eder honi esker, datu franko ezagutu ditugu: eskifaiakoen izenak, adinak eta bizitokiak, XVIII. mendeko lapurteraren ezaugarri eta idazmoldeak eta abar. Datu horietatik abiatuz aipatuko ditugu orain Urruñari dagozkion zehazkizunak.

    Eskifaiako 36 itsasgizonen artean, gehienak euskaldunak ziren, ziburutarrak, donibandarrak, azkaindarrak, senpertarrak, hendaiarrak, baxenafarrak… Horietako bost urruñarrak ziren: Joannis Zuhigarai 25 urtekoa, Martin Etxegoien 30 urtekoa, Joannis Geldi 22 urtekoa eta Saubat Darrans 23 urtekoa. Lauak marinelak ziren eta hilero 65 liberako soldata ematen zieten. Ontzian hiru ontzi-mutil zeuden, horietako bat ziburutarra eta Jean Hiriart 16 urtekoa eta Joannis Lafargue 15 urtekoa izeneko urruñarrak. Hiruei 35 libera ordaintzen zizkieten hilero.

    Aipatu 50 gutun horien artean baziren bi Urruñatik igorriak. Lehena Martin Arrundek Louisbourgen bizi zen Martin Arrunde semeari idatzia eta bigarrena Haraneder apezak Kanadako aipatu hirian bizi zen Pierre Etxegoien ilobari idatzia. Hona hemen bi-biak:

Martin Arrunderen gutuna. 1757-2-2
Martin de Arrunde, eskribatzen daruzkitzut bi lerro. Osasuna dugu Jainkoari esker eta desiratzen ginduke zuria hala balitz. Eta zerbeit egin duzula aditu dugu, eta unki goberna zaite; eta errezibitu nuben zazpi libera Martinenganik. Deusik ezin irriska dezakeguke; untzi guzijak hartzen dituzte. Erregeren zerbitzutik ethorri nintzen eta kortsurat noa hogoi eta sei pezetako fragata berri batian eta heldu den urtian zato etxerat eta zerekin; ez diru guzijak irriska, eta ahalik hobekijena eginen duzu. Eta zerbitzari.
Martin de Arrunde.
Urruñan, 1757otsailaren 2an.

Haraneder apezaren gutuna. 1757-3-23
Ene iloba maitea. Uste nuben aditu denbora guzietan zutaz gizon behar den bezalako bat izanen zinela. Bizkitartean kontrarioa aditzen dut; ainitz gare doloratuak zutazko gauzen aditziaz. Ez dut dudatzen konpania gaiztoen eftu batzuek direla horiek; zorigaitzez izan zarela herri hortan. Bainan zer egin presentian? Erreparatzerat entsaiatu behar da iraganaren, oraino gaztea zare. Hortarakotz, ene haur maitea, moienik hoberena zait alde huntarat pasatzea. Ethortzen bazare borondate on batez betea, entsaiatuko gare gauzen erremediatzerat; eta guk izanen dugu zure alderako bihotz ezagutu daukazuna. Ez dezazula, beraz, falta ethortzetik zure anaiarekin.
Bertze alde, salbamenduaz zin-zinez pentsatu behar da; ez dut uste hor hanbat ongi egin ahal deiteken. M. Iriberriri ematen diozkatzu ene errespetuak; eta izatu nituela hirurogoi libera Marçans zenarenak, bainan aditu nuela oraino gehiago ere bazela; othoizten dudala, deusik baldin badu, egortzeaz zerbait funts oneko gizonekin, lehenbailehen, erran den Marçans zenaren umeren altxatzeko. Egitzu gauza guztiak funts onez. Horren desira eta esperantzarekin gelditzen naiz, konsiderazionerekin, ene iloba maitea, zure zerbitzari umila eta obedienta.
Haraneder apeza.
Urruñan, 1757ko martxoaren 23an.
Zure amatxi handizki ikustea desiratzen zaituenak eta gure haurra Mariak egiten dauzkitzute bere konpleminduak.


    Urruña beti izan da itsasoari atxikia eta Le Dauphin ontziaren afera honetan garbiki zaigu agertzen.