Iurre BIDEGAIN

Larrun ez Hunki: sentimendu gazi-gozoa Lasserrekin bildu eta

Larrun ez Hunki kolektiboa Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariarekin bildu da uztailaren 16an. Berri on eta txarrekin itzuli da etxera. Alde batetik, presidenteak ez dituztela bi tren gehiago martxan jarriko baieztatu dio. Bestalde, tontorra inguratuko duen pasabidea mantentzeko borondatea berretsi dio.

Larrun ez hunkik Departamenduko kontseiluaren aitzinean burututako prentsaurrekoa. © Bob Edme
Larrun ez hunkik Departamenduko kontseiluaren aitzinean burututako prentsaurrekoa. © Bob Edme

Sentimendu "gazi-gozoarekin" atera da Larrun ez Hunki kolektiboa Jean-Jacques Lasserre Departamenduko presidentearekin antolaturiko bilkuratik. Nahiz eta tentsio une batzuk bizi izan, orokorrean giro onean iragan dela azaldu du taldeko kide den Ellande Alfarok.

Lehenik eta behin, Jean-Jacques Lasserrek baieztatu dion berri ona aipatu du. Hots, departamenduak ez ditu bi tren berri martxan jarriko. "Prentsan agertua zen, baina orain arte ez genuen baieztapenik jaso. Horrek eragingo lukeen frekuentziaren emendatzea gai nagusia izatea lortu dugu eta hautetsi asko kontra agertu dira. Horrek die gibelera eginarazi", erantsi du. Oroitarazi behar da, 364.029 pertsonek tontorra bisitatu zutela 2016an.

Mendi kaskoan eraiki nahi duten pasabidea mantentzea, ordea, berri txarra da kolektiboaren aburuz. Hain zuzen ere, ahalmen urriko pertsonei mendira joateko erraztasunak eskaintzeko, tren geltokitik tontorrera doan pasabide bat eraiki nahi du Departamenduak. Pasabide hori TDF erakundearen antenen inguruan eginen litzateke, bistaleku gisa.

"Bilkuraren puntu beltza" gisatzat jo du Alfarok: "Hanka sartze bat dela erran diogu, baina Lasserrek fermuki defenditzen du. Borrokatzen segituko dugula eta ez diegula astakeriarik egiten utziko argi utzi diogu". Oroitarazi behar da, hasiera batean, besteak beste, terrazak zein haur jolas gune bat eraikitzeko ideia aurkeztu zuela proiektuaren bultzatzaileak.

Aparkatzeko lekuari dagokionez zalantzak erakutsi ditu Lasserrek, kidearen erranetan. Bazterretan sortzen den aparkatze salbaia konponduko ote duen pentsatzen ari dira. "Guk proposatu diegun bidea ikertzen ari dira".

Elkar aditzea

Badira bi aste Departamenduak konzertazioa eginen duen enpresa bat kontratatu duela. Egitasmoaren aktore ezberdinekin elkartu eta bere iritziak bilduko ditu. Banaka, eta ondotik taldeka, Alfarok dioenez. Departamenduak parte hartzeko gonbidapena luzatu dio taldeari.

Departamenduak biltzar publiko bat antolatzea errefusatu du. Hori dela eta, kolektiboak berak hitzordua prestatuko du bete duen urtearen bilana egiteaz gain, ondoko urratsak lantzeko. Alde batetik, konzertazioan parte hartzen duen erabakitzeko. Bestalde, etorkizuneko mobilizazioei buruz hausnartzeko. Oraingoz, ez du ez datarik ezta lekurik ere zehaztu.