Kazeta

Adin eta gustu guztietako bestazaleentzako egitaraua prest

Uztailaren 25etik 29ra zuri eta gorriz jantziko da Baionako hiria. Adin eta gustu guzientzat zuzenduriko bost eguneko programazioa argitaratu du Herriko Etxeak.

 

Leon Erregea egunero iratzarri eta balkoira aterako da 12.00etan.
Leon Erregea egunero iratzarri eta balkoira aterako da 12.00etan.

Atzera kontua hasi da Baionako bestak abiatzeko. Uztailaren 25ean hasi eta 29ra arte animazioetaz gozatzen ahalko dute bestazaleek. Aurten, horretarako, ordaindu beharko dute, hori bai. Baionako bestek suposatzen duten 2,1 milioi euroko aurrekontuari aurre egiteko, asteburuan baionarrak ez direnei sartzea ordainaraztea erabaki zuen Herriko Etxeak. Hiriburuko herritarrek, ordea, jada eskuratu dezakete besten gunera sartzeko eskumuturra.

"Bestazalearen martxak" hasiera emanen dio bost eguneko programazioari. Goizean zehar hainbat proposamen eginak izanen dira: Handisports lasterketa, piper omeletaren txapelketa eta Master txapelketaren hasiera, besteak beste. Asegarce pilota enpresak jakinarazi berri duenez, Aimar Olaizolak Mikel Urrutikoetxearen ordez jokatuko du

21.50ean ofizialki hasiera emanen diete besteei herriko etxeko balkoitik. Leon Erregea milaka bestazaleen aitzinean agertuko da eta hiriko giltzak botako dituzte.

Biharamunerako, 26rako, euskal pilotari buruzko ikastaro bat antolatu dute goizean goizetik. Ondotik, gazteei zuzenduriko animazioak proposatuko dituzte: danborrada ttikia, baita familientzako jokoa, besteak beste.

Iruñaren omenez

Hainbat animazio errepikatuko dira ostegun, ostiral eta larunbatean. Hau da, "Qi Gong" gimnasia eta yoga klasea. Baita, Leon Erregearen esnatzea ere. Azken hori egunero 12.00etan agertuko da balkoian gazteen begiradapean.

Egunero Paul-bert, Errepublika zein Askatasun plaza eta merkatuan musika estilo anitzetako kontzertuak iraganen dira: jazz, euskal koroak, musika elektronikoa...

Uztailaren 29an Iruñea izanen da egitarauren protagonista. Bi hirien senidetzea ospatuko dute egunean zehar joko duten gaitero eta txistularien laguntzaz. Urtero bezala Iruñeko Herriko Etxeko hautetsiak errezibituak izanen dira Baionan. Sanferminen garaian antzeko ekimena iragan ohi da.

Egitarau osoa hemen ikusgai.