Idoia ERASO
Entrevue
ELORRI ALGALARRONDO
EUSKAL HERRIA ZUZENEAN ELKARTEKO KIDEA

“EHZ ttipi anitz dira, denetara joaten ahal da eta denetan zerbait egiten ahal da”

Trantsiziorako formatu berri batekin dator aurtengo EHZ festibala: EHZ Nomada. Ostiraletik igandera arte, Baigorri, Baiona eta Itsasun animazioak proposatuko ditu elkarteak. Garrüze herrian sortu eta Baionan bizi den Elorri Algalarrondo elkarteko kide eta irakaslea aurtengo erronkak azaldu dizkio Gara egunkariari.

Elorri Algalarrondo, EHZ elkarteko kidea. ©Isabelle Miquelestorena
Elorri Algalarrondo, EHZ elkarteko kidea. ©Isabelle Miquelestorena

Herriz herri ibiliko dira Euskal Herrian Zuzeneko festalariak, azken urteetan Lekornera hurbiltzen ziren gazte, heldu eta haurrek, aurten Baxe Nafarroa eta Lapurdiko hiru herrien artean hautatzeko parada izanen dute.

EHZ nomada izanen da aurten, zer esan nahi du horrek, eta zergatik izanen da horrela?

Nomada izateak erran nahi du EHZ ttipi anitz eginen ditugula toki ezberdinetan. Aurten hori erabaki da, iaz behartua izan ginelako EHZ festibala ezeztatzera, eta horren ondotik konturatu ginen barne antolakuntzan bazirela arazoak, bai ekonomikoak, baina baita laguntzailegoan, eta behar zela benetako diagnostiko bat egin.

Azken urteotan EHZn planteatzen genuen ea festibalak erantzuten zion zinez Iparraldeko eta Euskal Herriko irakurketa politiko bati. Horretaz ohartu ginen, eta pentsatu genuen behar zela agian beste diagnostiko bat egin aztertzeko barne antolakuntza, eta duen aztarna. Horregatik erabaki da trantsizioa egitea eta diagnostiko bat eramatea urte baten gainean; orduan, ezin genuen segidan beste zerbait antolatu, horregatik erabaki dugu 2018a trantsizio urtea egitea eta nomada moduan.

Nola joan da diagnostikoa?

Ezeztatzearen ondotik bildu ginen talde osoa, eta ohartu ginen proposatzen genuen festibala ez zela agian egokia; beraz, beharra sentitu dugu Iparraldeko irakurketa politiko bat egiteko, proiektua egokitzeko edo beste proiektu bat sortzeko. Lehen etapa izan zen biltzea, diagnostikoa irail eta urri artean hasi zen.

Diagnostikoaz arduratzen diren taldekoak herriz herri gazteria ezagutzera joan dira eta beraiekin hitz egitera, gaur egungo gazteriaren erronkak definitzeko. Gaztetxeetan bereziki edo ostatuetan egin dituzte bilkura irekiak elkar ezagutzeko.

Zeintzuk dira finkatu diren erronkak?

Lehen erronka izan da zubiak sortzea euskaraz mintzo direnen eta erdaldunen artean, publiko horiek elkarrekin trukatzeko. Hori definitua izan delarik erabaki da beste proiektu bat sortzea eta horretarako proiektu deialdi ireki bat egitea.

Bigarren erronka da alternatiben herrixka eraikitzea, jendarte eredu berri bat eraikitzeko ideien gune bat egitea, gure baloreekin: natura, euskara, euskal preso politikoak…

Nola antolatu zenuten proiektu deialdia?

Eskatzen zen bakarra bederen hiru pertsonak osatutako taldea izatea. Webgunean eta sare sozialen bidez egin da eta horretarako hiru etapa ezberdin ziren: aurkezpena, nola erantzuten dion erronkei eta baliabideak. Helburua proiektuaren trama izatea zen, ez zen zertan biziki zehatza izan, biltzar nagusian proposatzeko, ideia da gero EHZko laguntzaileek proiektu hori lantzea.

Zenbat proiektu jaso dituzue?

Orotara lau proiektu aurkeztuak izan dira, eta joan den larunbateko biltzar nagusian proiektu bat hautatua izan da, eta beraz berriz idatzia izanen da, eta talde motor bat eratuko da. Gero, proiektu hori aurkeztua izanen da. Hautatu da proiektu bat ardatz nagusia izateko, baina jakin behar da beste hiru proiektuek laugarrena elikatuko dutela. Iparralde osoko gazteek proposatu dituzte proiektuak, kostaldekoak eta barnealdekoak, eta zinez proposamen aberatsak izan dira.

Aurtengoa berezia izanen da, ez da betiko festibala; nolakoa izanen da EHZ Nomada?

Trantsizio urteko EHZ, aurten proposatuko dena, ez da bortxaz 2019an eginen dena, eta hori markatzeko egin da. Nomada egin da erakusteko mugitzen dela eta EHZ denean dela. EHZ ttipi anitz dira, denetara joaten ahal da eta denetan zerbait egiten ahal da.

Aurtengo edizio mugikorra ospatzeko hiru gune ezberdin hautatu dituzue: Baigorri, Baiona eta Itsasu. Zer irizpide erabili dituzue aukeraketa hori egiteko?

EHZ beti barnealdean egin da, horregatik biziki inportantea zen bi egun barnealdean proposatzea. Eta bestalde, helburua zen Baionan zerbait egitea, ez baitzen sekula han antolatu.

Hiru egunek izaera ezberdina izanen dute, zeintzuk dira egun bakoitzaren ezaugarriak?

Baigorrikoa ikusgarri gaua izanen da, nahiz eta kontzertu bat ere izanen den, antzerkia eta dantza izanen dira gaualdiaren ardatz nagusiak, eta horrelakorik ez da sekula izan EHZn. Larunbatekoa festa eguna izanen da Baionako hiri osoan zehar. Poteoa antolatuko da, eta hori zinez berrikuntza bat da EHZrentzat; bukatzeko kontzertuak izanen dira arratsean. Igandean egun familiarra izanen da, zirkuarekin, antzerkiarekin… eta, bistan dena, zikiroa. Zikiroa atxiki dugu, Euskal Herriko Laborantza Ganberak antolatzen duen honek arrakasta handia izaten baitu, eta giro herrikoia ematen dio EHZri.

Nahiz eta programazioa kontuan izanik larunbatekoa familientzat ere aproposa den, zinez nahi genuen egun bat, non familiak biltzen ahal diren, eta haurren xokoa baden. Familiak erakartzen ditugu igandearekin, eta hori ezinbesteko publiko bat da EHZrentzat.

Zergatik?

Haurrak bilakatuko dira biharko laguntzaileak eta festalariak, horretarako biziki garrantzitsua da erakustea haurrek badutela beren tokia EHZn. Familientzat gauza bera erranen nuke, EHZ ez da bakarrik besta, bada ere eztabaida gunea eta badira ikusgarriak, adin guztietarako.

Lehen aldia da Baionan egiten dela, eta herria protagonista eginen duzue.

Bai, protagonista da, jadanik ostatuek parte hartzen dutelako programazioan. Ederra da ere Baiona Handian eta Ttipian izanen baita, ikusgarriak izanen dira denetan.

Baionako eguna antolatzeko desmartxak nola pasatu dira?

Kultura arloko elkarte ezberdinekin harremanetan eman gara, Zizpa, Magneto, Mami Txula…Beraiekin lan egitea inportantea atzematen genuen, jakinez beraiek jada lan egiten dutela kulturaren alde.

Poteoari dagokionez, interesgarria atzematen genuen aski herrikoia izatea eta publikoari kitorik gauzak proposatzea, eta hasi ginen pentsatzen untsa izaten ahal zela egitea hip hop ikusgarri bat toki batean, zirkua bestean, magia urrunago… hortik heldu zaigu poteoaren ideia, eta ostalariekin hori antolatzea pentsatu dugu. Nahi dugu publikoa eraman gune batetik bestera, eta bitartean elektrotxaranga bat izanen da musikak ekartzen batetik bestera.

Kitorik izanen bada, nola finantzatuko duzue?

Gure diru baliabideekin; arratsean seietatik goiti Mousserollesen eginen diren kontzertuak pagatu beharko dira, agian poteoan izanen diren ikusgarri batzuk diruztatzea lortuko da gaualdiaren diruari esker. Segur aski arriskua hartzea da, baina nahi genuen egin.

EHZ gogoetarako gunea ere bada, eta aurten gune hori Baionako egunean izanen da.

Bai, Patxokin eginen da, eta hiru eztabaida izanen dira. Lehena 10.30ean da, eta AmbaZADa, Amankomunak eta Errekaleor izanen dira. Autogestio eremuak aipagai izanik, jorratuko da nola saretzen ahal diren, eta nola sortzen ari diren Amankomunaken bitartez.

Eguerdi aldean errefuxiatu eta etorkinen egoeraren azterketa genero ikuspegitik, horretarako izanen ditugu hiru kolektibo: Ongi Etorri Errefuxiatuak, Refugees Welcome eta SOS Arrazakeria. Helburua da truke bat egitea, Hegoaldeko eta Iparraldeko kolektiboen artean.

Azken hitzaldian Harrerak eginiko dokumentala erakutsiko da, bertan kolektiboko eta preso ohien arteko truke bat izanen da, gaur egun kartzelatik ateratzen diren presoen egoera aztertzeko. Hiru hitzaldietan truke anitz izanen dira hizlarien eta publikoaren artean, eta zinez hori da gure helburua, aktiboa izatea. Eta bukatzeko, 18.00etan, Euskal Irratiek egin duten Esker 1000 proiektuaren inguruko dokumentala.