Iurre BIDEGAIN

Euskaraldia: Ipar Euskal Herriko herrien herenak bat egin du

Orotara, 58 herrik izena eman dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraganen den Euskaraldia egitasmoan. Herritarren motibazioa dela eta, itxaropentsu eta baikor agertu dira antolatzaileak. Datozen fasean herritar talde batzuk informazioa zabaldu eta sarea osatu beharko dute. Heldu den hitzordua irailaren 15ean Angelun iraganen den prestaketa saioa izanen da.

 

Hendaian ere, Euskaraldiaren alde.
Hendaian ere, Euskaraldiaren alde.

Martxoaren 17an Euskaraldia Itsasun abiatu zutenaz geroztik, urrats sendoak eman ditu egitasmoak. Herriz herri proiektua aurkeztu dute eta herritarrek osaturiko taldeak sortzen joan dira. Ipar Euskal Herriko lurraldearen herenak baino gehiagok azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraganen den ekimen kolektiboan parte hartuko du. Hain zuzen, 58 herrik izena eman dutela iragarri du baikor eta itxaropentsu agertu den Jenofa Berhocoirigoin arduradunak.

"Kuantitatiboki, kontent gara. Haatik, argi dugu aurtengo ekimena xumeki eginen dugula Ipar Euskal Herrian", adierazi du. Bere iritziz, herritarrak gehien motibatu dituena ekintzara pasatzea izan da. Hots, urratsa egin eta aste batez hizkuntza ohiturak aldatzearen erronka izatea.

Hiru probintziek modu ezberdinean parte hartuko dute Euskaraldian. Kostaldeari dagokionez, herri mailan izena eman dutela azaldu du Berhocoirigoinek. Ainhoa, Arrangoitze eta Zuraide bezalako herriek izena eman dute, adibidez. Barnekaldeari dagokionez, aldiz, herri multzoak egitea erabaki dute. Hala nola, Donibane Garazi inguruko herri zenbaitzuren topagunea izanen da.

Xiberoan bizitakoaz ere hitz egin du arduradunak. Orotara, sei biltzar nagusi antolatu dira. Herritar taldeak osatu eta dinamikan parte hartu ordez, elkarteek berek bat egin dutela azaldu du. Hau da, gau eskola, ikastolak baita pastoralak ere informazioa eskainiko dute.

Irailean, prestaketa saioa

Ondoko hilabeteetan, osaturiko taldeek informazioa pasa beharko diete herritarrei. "Sarea sortu edo sendotu behar da irailera arte", aipatu du arduradunak. Irailaren 15ean herrietako batzordeetako kideek prestaketa saio batean parte hartuko dute Angeluko Manex Goienetxe kulturgunean. Hitzordu horren xedea bi perfilei, "aho bizi" eta "belarri prest", dagokien formakuntza eskaintzea izanen da. Bidea errazteko, giltzak eta kontseiluak emanen dizkiete parte hartzaileei.

Jenofa Berhocoirigoinen erranetan, Euskaraldia ez da kanpaina bat, indar kolektiboaren bidez burutuko den ariketa pertsonal bat baizik. "Norberak barneratu beharko duen zerbait da. Gu gainetik pasatzen bagara ez du funtzionatuko", gehitu du.