Iurre BIDEGAIN

Bagoazek egoera berriaz ohartarazi ditu Estatuak

Arnagako Adierazpenaren ondotik, euskal presoen egoeraren irakurketa plazaratu du Bagoazek. Bereziki, hogeita zortzi urte preso daramaten Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Unai Parot eta Ion Kepa Paroten egoera deitoratu du. Beren askatasuna aldarrikatzeko mobilizazio berri bat antolatu du ekainaren 16rako.

Manifestazioa Laugatik abiatuko da ekainaren 16an. ©Bob EDME
Manifestazioa Laugatik abiatuko da ekainaren 16an. ©Bob EDME

Apirilaren 14ean iragan ziren mobilizazioen ondotik, egoera berriaz ohartarazi nahi izan ditu frantziar Estatua zein espainiarra Bagoazek. Arnagako Adierazpenak islatu zuen testuinguru berrian, euskal presoen egoeraren irakurketa plazaratu du maiatzaren 24an Baionan. Agerraldia baliatu du Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Unai Parot eta Ion Kepa Paroten egoera salatzeko eta beren askatasuna aldarrikatuko duen manifestazioa iragartzeko. Hain zuzen ere, ekainaren 16rako protesta bat antolatu du Baionan, "Egun bat gehiagorik ez. Ion, Jakes, Xistor eta Unai etxera" lelopean.

Lau euskal presoek egin dituzten baldintzapeko askatasun eskaera guztiak ukatuak izan zaizkiela deitoratu du kolektiboak. Galdera horiei erantzun bat emateko justiziak dituen epeak salatu ditu. Terrorismoaren kontrako legedi berriak epaiak gogortu dituela aipatu du Bagoazek. Halaber, epaileen zein prokuradorearen deliberoen gibelean "argumentu politiko bat" dagoela erran du.

Maiatzaren 4an Kanbon iragan zen Nazioarteko Topaketan ikusi bezala, Euskal Herrian testuingurua aldatu dela uste du taldeak. ETA erakundeari loturiko argumentuak "ez du balio". "Berriz erabiltzeak azaleratuko luke justiziaren borondate txarra. Justiziak bere rola bete behar du", aipatu du Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak.

Bake prozesua aitzina dadin, gizaki ororen eskubideak errespetatu behar direla nabarmendu du, eta bereziki Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Parotenak. "Jasangaitza da horrela segitzea".

Gehiago eta fiteago

Oroitarazi behar da, lehen hiruak Estatu frantsesean preso daudela eta bizi osorako kondenak jaso zituztela. "Nola ulertu bizi osorako zigorrak izatea giza eskubideak aldarrikatzen diren herri batean?", galdera pausatu du Martinek. Unai Paroti, ordea, Estatu espainiarrean berrogei urteko kondena agindu zioten.

Euskal Herriko gizarteak elkarbizitzarako parioa egin duela erran eta, Estatuek, beren onerako, presoak ez "instrumentalizatzea" aldarrikatu du kolektiboak. Bere aburuz, euskal presoen egoera konpontzea Estatu frantsesaren erantzukizuna da. "Ez dugu erabaki absurdu gehiagorik nahi".

Emilie Martinek aipatu duenez, hamabi dira gaur egun arte burutu diren hurbilketak. "Ongi da, baina urrats gehiago eta fiteago nahi ditugu", azpimarratu du bozeramaileak.