Iurre BIDEGAIN
Entrevue
Felipe Aramendi
Hendaitz elkarteko gazteen abokatua

Felipe Aramendi: “Sasiko Gaztetxearen ekintza soziala kontutan hartu du justiziak”

Userrak agiria bidali eta, Sasiko Gaztetxea uzteko hiru hilabete izanen dituzte gazteek. Felipe Aramendi beren abokatuak baikorki baloratu du epailearen erabakia. Nahiz eta kanporatze agindua eman duen, APHP egiturak eskatzen zituen kalte-ordain guztiak ezeztatu ditu.

Felipe Aramendik baikorki baloratu du epailearen erabakia. (Bob EDME)
Felipe Aramendik baikorki baloratu du epailearen erabakia. (Bob EDME)

Zein izan da justiziaren erabakia?

Felipe Aramendi: Kanporatzeko agindua jaso dute gazteek. Hiru hilabeteko epea izanen dute userrak erabakia jakinaraziko duenez geroztik. Erabakia maiatzaren 14koa da, baina kanporatzeko epea ez zen egun horretan abiatu. Ikusiko dugu noiz jasoko duten agindua.

APHPk egiten zituen diru eskaera guztiak ezeztatuak izan dira. Auzitegiak biziki ongi argudiatu du bere erabakia. Kontutan hartu du APHPk leku hori abandonatua zuela. Kontutan hartu du ere leku horri berriz bizi bat emateko gazteek egin dituzten lanak. Halaber, bere iritziz APHPk ez zuen funtsezko arrazoirik diru galdera horiek egiteko.

Zein ziren zehazki eskaera horiek?

F.A.: Sartu ziren egunetik landa, hots 2016tik aitzina, aterako diren egunera arte, hilabetero 500 euro ordaintzea galdegin zuen. Hori ezeztatu du justiziak. Halaber, 1.500 euro galdegiten zituen kalte-ordain gisa. Auzitegiak argiki idatzi du ez zuela ikusten zer kalte-moral izan duen istorio honetan. Bere abokatu gastuentzat ere kalte-ordain bat galdetzen zuen eta hori ere ez du ukan. Gainera, APHPk galdetzen zuen betebehar delako bat. Hau da, gazteek joan arte egunero 100 euro pagatzea. Hori ere ez du lortu.

Nola baloratzen duzu epailearen deliberoa?

F.A.: Franko ongi baloratzen dut. Bagenekien legalki ez zutela egoteko ahalik ukanen, hori argi zen. Legez, auzitegia behartua zen erratea ez zirela bertan egoten ahal. Haatik, gure argudiatze guztia kontuan hartu du diru galdera horiek baztertzeko. Ongi azpimarratu du egiturak lekua abandonatua zuela. Ez badute idazten argi eta garbi ere, ageri da kontutan hartu dutela gazte horien ekintza soziala.

Gazteek erabakitzen badute gunean gelditzea hiru hilabeteak pasa eta, zer gerta daiteke?

F.A.: Hiru hilabeteen buruan ez badute lekua hustua, APHPk kanporatze prozedura bat hasi beharko du userra baten bidez. Horretarako, ez du berriz auzitegiaren erabakiaren beharra.

Helegiterik aurkezteko asmoa duzue?

F.A.: Aukera badugu, bai. Oraingoz ez dut punturik egin gazteekin. Ez dut uste guk errekurtsorik aurkeztuko genukeenik, baina hori gazteekin ikusi behar dut.