Iurre BIDEGAIN

Egutegi eta ordutegi bateratua izanen dute Arnegiko eta Luzaideko eskolek

Badira bi urte mugaz gaindiko proiektu aitzindaria martxan jarri zutela Arnegiko eta Luzaideko eskolek. Orain arte egindako bilana baikorra da, haatik, egitasmoaren garapena trabatzen duen puntu bakarra egutegiak eta ordutegiak dira. Heldu den ikasturtetik aitzina, arazoa konpondu eta urrats berri bat emanen dute amankomunean hasitako bidean.

Gaur egun hamalau ikasle daude Luzaideko eskolan.
Gaur egun hamalau ikasle daude Luzaideko eskolan.

Luzaideko eta Arnegiko eskolek elkartzea erabaki zuten 2016an. Goizean ama eskolako ikasleek Luzaiden ikasten dute. Lehen hezkuntzakoak, berriz, Arnegira joaten dira arratsaldeetan. Proiektu aitzindari honek onurak baizik ez dituela ekarri azpimarratu dute parte hartzaileek. Egitasmoa garatzeko xedez eta bidean aurkitu duten oztopo nagusiari aterabide bat atzemateko, ordutegi eta egutegi bateratu bat martxan jarriko dute heldu den ikasturtetik aitzina.

Pierre Barrière Pirinio Atlantikoetako ikuskaria zein Anabel Elizondo irakasle luzaidarra bat datoz: arlo pedagogikoan eta sozialean ondorio oso baikorrak izan ditu proiektuak. Bi herrietan euskara, frantsesa zein gaztelania landuz, haurrek hizkuntzak ikasteko gaitasuna egunez egun garatzen dutela diote. "Komunikatzeko prozesuan inteligentzia hobea erakusten dute, oso aberatsa da. Muga traba bat izan beharrean, elkartzeko marra bat besterik ez da. Muga bateratzeko elementu bat da kasu honetan. Kulturalki baliotsua den zerbait da", azaldu du Pierre Barrièrek.

Ikuskariaren erranetan, bi urte hauetan izan diren arazoak konpontzeko borondate argi bat agertu da, indar bat sortu da. Oztopo horiek zeintzuk izan diren galdegitean, ikuskariak zein irakasleak egutegi eta ordutegi ezberdinei erreferentzia egin diete. "Egutegi eta ordutegi ezberdina izateak elkarrekin pasa dezaketen denbora murrizten du. Denbora bateratuz, egitasmoa denboran irautea ahalbidetuko dugu", erantsi du Barrierek.

Anabel Elizondok azaldu duenez, bi eskoletako irakasleek egutegia eta ordutegia landu eta Nafarroa zein Pirinio Atlantikoetako hezkuntza administrazioei proposatu zieten. Azken horiek "marra gorri batzuk" finkatu zizkieten, hots, errespetatu beharreko irizpide batzuk. "Bilkura anitz egiten ditugu eta buru hauste asko izan ditugu. Prozesua konplikatua izan da gauza asko kontutan hartu ditugulako: familien egoera, haurrentzat hoberena dena…", erantsi du.

Bakantza berak

Horiek horrela, bi eskoletako haurrek, elkarrekin, irailaren 3an hasi eta 2019ko ekainaren 28an bukatuko dute ondoko ikasturtea. Tartean, orain arte egin ez bezala, bakantza berak izanen dituzte.

Halaber, iraila eta ekainean ikasleak soilik goizean joanen dira klasera. "Gure iritziz, haurraren erritmoa errespetatzen du horrek. Bakantzetako funtzionamenduari dagokionez, gurea baino hobea zen. Araudiak moldatu ditugu goitik behera eta egin duguna da orain arte bakoitzak zuen hoberena gorde", aipatu du irakasleak. Haatik, orain arte bezala, Arnegiko eta Luzaideko ikasleek jai egun batzuk ezberdin izanen dituzte, zortzi hain zuzen. "Langileen eskubideen arabera, jai egunak dira eta ezin ditugu urratu", gehitu du.

Ordutegiari dagokionez ere, aldaketa nabarmenak plantan ezarriko dituzte. Goizean eta arratsaldean pixka bat beranduago bukatuko dute. Asteazkenetan, ordea, lehenago bukatuko dute: 12.00etan. "Gaur egun, Arnegiko lehen mailakoak klase erdian joan behar dira eta ezinezkoa da", erantsi du Elizondok.

Familien sostengua goraipatu eta, proiektuaren aberastasuna azpimarratu nahi izan du irakasleak. Nahiz eta askok egitasmoa aitzindaritzat jotzen duten, berarentzat "naturalki" egin den zerbait dela aitortu du. "Alderantziz, askotan pentsatzen dugu zergatik ez dugun lehenago egin".

Ainhoa arriskuan

Pierre Barrièrek iragarri duenez, Luzaidekoa eta Arnegikoa bezalako proiektu bat landu nahi izan dute Zugarramurdi, Urdax, Ainhoa eta Sarako eskolen artean. Azkenean, bere erranetan, Zugarramurdiko burasoek ezetza eman diote aukerari. "Hiru hizkuntzez gain, ingelesa ere sartu nahi zuten. Agian, proiektu erakargarri bat baztertuz, populakuntza mantentzeko parada galdu dugu", aipatu du ikuskariak.

Lapurdi eta Nafarroako eremu horrek ikasleak galtzen dituela deitoratu du Barrièrrek. Ainhoako eskolan berrogeita hamar gazte hiru geletan banatuak direla azaldu du. "Ez du luzaz iraunen. Elkarrekin lan egiteak lagunduko luke. Helburua da populakuntza mantendu eta kalitatezko hezkuntza bat proposatzea".