Goizeder TABERNA

Armadako arrano batek haur bat erasotu du Muskildin

Oskaxeko lepoaren gainekaldean den San Antoni kaperan entrenatzen ari zen frantziar Aireko Armadako hegazti bat 5 urteko neska batengana zuzendu zen eta zauritu zuen.

Egun eguzkitsuetan, jendea biltzen da San Antoni kaperaren inguruan. © Bob EDME
Egun eguzkitsuetan, jendea biltzen da San Antoni kaperaren inguruan. © Bob EDME

Opor eguna zen eta, eguraldi ederra izanki, jendea bazen Muskildiko San Antoni kaperan. Apirilaren 17an, Oskaxeko lepoko bidea hartu zuen Carole Aguerrek, bost haurrekin batera. Memento horretan, Mont-de-Marsaneko base militarreko hegazti hezitzaileak saiakerak egiten ari ziren eta ezbehar bat izan zuten haur taldearekin.

Kaperarantz lagunekin pik-nikatzera zihoan bost urteko haur bat erasotu zuen arrano beltz batek. Mota horretako hegaztiekin drone arriskutsuak ehiztatzeko saiakerak egiten ditu frantziar Aireko Armadak, Mont-de-Marsaneko 118 basean. "Azken bihurgunera heldu ginenean, arrano bat ikusi dugu eta beri so gelditu gara. Memento horretan guregana zuzendu zaigu, abiadura bizian", kondatu du haur taldearen ardura zuen Carole Aguerrek.

Iziturik, haurrak garrasika hasi ziren eta horietako baten ama den Aguerre arranoa eta bost urteko neskaren artean jartzen saiatu zen. Militarrak arazo bat zegoela jabeturik, taldearengana hurbildu ziren. Hegaztia baztertu eta neskatxak bizkarrean zuen zauria artatu zuten. "Gibelapenarekin, pentsa daiteke arriskuak hartu ditugula bakantza egun batez mota horretako ariketak egin izana", aitortzen du 118 baseko komandanteak, Cédric Gaudillièrek.

Muskildi herriaren eta Armadaren artean hitzarmen bat izenpetu zuten iaz, hezkuntza ariketa horien baldintzak adosteko. Léonie Aguergaray auzapezak gertakarien berri ukan zuen, Aguerrek eta Armadak berak emanik, eta geroztik, hitzarmenaren edukia berriz ikustea galdegin die arduradunei. "Horrelako gertakaria ez zen aurreikusia" batekin baizik ez du erantzuten haren erreakzioaz galdetzean. Bere garaian, hitzarmenak ez zuen hautetsi guzien onespena lortu.

Haurrak hunkitu ditu

Gertakariak iragan eta, Carole Aguerrek ez du nehoren berririk izan. Prentsa galdezka hasi ondoren, hilabete bat iraganik, ukan du baseko arduradunaren deia. Anartean, ezbeharrak haurrak hunkitu ditu. "Handiek anitz aipatu dute ikastolan, eta nire bi urteko alabak egunero aipatzen dit. Panpinei kontatzen die istorioa eta etxetik ateratzean, txoriak bizkarra janen dioenez galdetzen dit", kontatu du kezkaturik amak.

Militarrek aztertzen dituzten bi hipotesiak haurra drone edo harrapakin batentzat hartu izana dira. Hala ere, haien arduradunak lasaitu nahi izan du: "gazteak direnetik hezten ditugu, sozializatu daitezen". Haatik, San Antoniko gertakariak programa baldintzatu dezake, muturrean, etetearen aukera ere bada.