Kazeta

Euskaraz hitz egin 6.000 metrotan

Euskal Herri osoko hamaika ikaslek Felipe Uriartek abiatutako proiektuan parte hartuko dute. Hogeita hiru eguneko ibilaldi bat burutuko dute Himalayan urrian. Euskaldunez gain, hamar sherpa ere presente egonen dira. Euskara eta sherpa gutiengo hizkuntzen arteko topaketa gauzatuko da 6.000 metrotara.

Felipe Uriartek proiektuari hasiera eman zion badira bi urte. © Bob Edme
Felipe Uriartek proiektuari hasiera eman zion badira bi urte. © Bob Edme

Badira bi urte Felipe Uriartek abiapuntua eman ziola egitasmoari Khumjungen, Everest mendian. Bere xede nagusia? gutiengo hizkuntzen zein mendiaren aldeko pasioa elkartu nazioarteko elkartasun sare bat osatzeko. Helburura heltzeko, Euskal Herri osoko hamaika ikaslek hogeita hiru egunez ibilbide bat eginen dute Himalayan.

Hamazazpi urteko ikasle horiek hamar sherpekin euskaraz hitz egiteko parada izanen dute. Gisa berean, sherpek ere beren hizkuntza erakusten ahalko diete gazte euskaldunei. Proiektuaren baitan sherpa hizkuntzak bizi duen egoerari ere begirada bat bota nahi izan diote. Euskarak bezala, sherpak hainbat problematikeri aurre egin behar dio. Hala nola, gazteekiko transmisioaren arazoa, nepaldar irakaskuntza…

Felipe Uriarte mendizalea egitasmoa burutu ahal izateko Euskal Herriko ikastetxeekin harremanetan ezarri zen, horien artean Seaskako Bernat Etxepare lizeoa. Ipar Euskal Herriko hiru gaztek proiektuarekin bat egitea erabaki zuten. Gisa berean, Hego Euskal Herriko zortzi bat gazte animatu ziren abenturan parte hartzeko. Hamazazpi urteko gazteak dira eta beren elkar ezagutza lantzen ari dira egitasmoa finantzatzeko antolatzen ari diren ekimenen bitartez.

Hori baita orain finkatu duten erronka nagusia: proiektua gauzatzeko dirua lortzea. Horretarako enpresa eta elkarteengana jo dute beren elkartasun ekonomikoari dei egiteko. Halaber, "Oxigenoa euskarari 6.000 metroan" leloa duten tixertak salgai ezarri dituzte gazte zein senideek.

Diru finantzaketarena ez da bidaiara joan baino lehen duten betebehar bakarra. Hain zuzen, urriaren 11n Himalayaruntz abiatu baino lehen, ikasleek sherpa eta euskarazko hiztegi bat sortu nahi dute beren arteko elkarrizketak ahalbidetzeko. Proiektuaren partaidea den Bernat Etxepare lizeoak ere bere laguntza eskaini die ikasleei. Hots, kurtsoetan proiektuarekin lotura duten informazioa eskainiko die.