Kazeta

Emazte bat zendu da Donibane Garazin auto batek harrapatuta

Hogeita hamabi urteko emazte bat zendu da larunbat goizalde honetan Donibane Garazin. Paueko SDIS 64 egiturak emandako informazioaren arabera, auto batek harrapatuta hil da emaztea. Bere bikote ohia atxilotu dute jendarmeek. Haatik, prokuradoreak mementoz azaldu duenez, istripu bat izan da jazotakoa.

Emaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzea burutu dute Donibane Garazin. © Isabelle Miquelestorena
Emaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzea burutu dute Donibane Garazin. © Isabelle Miquelestorena

Larunbat goizaldeko 04.40etan jaso dute suhiltzaileek sokorritzeko deia, Paueko SDIS 64 egiturak azaldu duenez. Nonbait, konorterik gabe zegoen emakumea, auto batek harrapatua izan ostean. Donibane Garaziko suhiltzaileak hurbildu dira ezbeharraren gunera.

Emakumea suspertzen ahalegindu dira hauek, baina bertan zendu da 32 urteko emaztea, ezbeharraren gunera joan den medikuak baieztatu duenez.

Gerora jakin da, heriotzarekin zerikusia duelakoan, gizon bat atxilotuta dagoela, bere bikotekide ohia hain zuzen. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak momentuz dioenez, istripu bat izan da jazotakoa. Elkarrekin pasa dute gaua, eta edanda zela hartu du autoa hildakoaren bikotekide ohiak. Jendarmeek ikerketa abiatu dute gertakaria argitzeko. Prokuradorearen erranetan, bien arteko harremana ere aztergai izanen da.

Arratsaldean elkarretaratzea antolatu da eta 40 pertsona inguru egon dira. Kandela zuriak jarri dituzte hildakoa oroitzeko.