Iurre BIDEGAIN

Barneragoko bidetik egindako diskoa argitaratu du 2Ziok

“Orain eta hemen” disko berria argitaratu du 2Ziok. Azken lanaren segida bezala aurkeztu du Odei Barroso kantariak. Hondarribia ondoren, Senperen iraganen den Herri Urratsen eskainiko dituzte kantu berriak. Justuki, ikastolen festaren kantuaren sorkuntzaz arduratu da rap taldea.

"Orain artekoaren segida bat da. Hala ere, bada aldaketa bat musika aldetik eta gaiak jorratzeko moduan". Horrela aurkeztu du Odei Barrosok 2Zio taldeak argitaratu duen disko berria. "Orain eta hemen" lanaren hamabi kantuen bidez, besteak beste, kritika sozialari ahotsa eman dio rap taldeak.

"Barneragoko bide bat" egin duela aitortu du lapurtarrak. "Testu anitz guri buruzkoak dira. Raperoak bere buruari eskainitakoak dira". Norbanakoari begira jartzearen ariketa hori zaila denez galdegitean, erantzuna argi du artistak: "ez, nik beti erran dut rapa idaztea terapia bat dela". Haatik, norbera bere buruari aritzea beti erraza ez dela dio. "Batzuetan tira-birak dituzu. Idatzi eta, ez da hemen geratzen, ondoren jendeak entzungo baitu. Anitzetan barne zalantzak sortzen dira", azaldu du. Oztopoak oztopo, rapa gozamenerako bide bat bezala bizitzen du kantariak.

Apirilaren 23an argitaratu zuen disko berria 2Ziok. Egun "berezia" izan dela aitortu du Barrosok. Talde lapurtarrak auto-ekoizpena burutu du lan berria. Hots, besteak beste, maketazioa eta diskoaren diseinua taldeak berak egin du. Horrek lan anitz eta tentsioa dakarrela azpimarratu du. Haatik, emaitza ikustean poza baizik sentitzen dela aitortu du. "Zuk egin duzu egin beharrekoa, jendeak maite duen edo ez, ez da gure esku".

"Ni ta zu" kliparen grabaketa Etxerekin egin dute. "Hasieran ez genekien zein kanturi eskainiko genion klipa. Argi genuen istorio bat sortu nahi genuela. Behin ikusita, gauza batzuk harrapatzen dituzu, baina bigarrenean beste hainbat detailetaz ohartzen zara. Klipa kantuari egokitu dugu", ohartarazi du.

Ez da berriki taldeak argitaratu duen klipa bakarra. Hain zuzen ere, Herri Urrats ospakizunaren kantuaz arduratu da. Nahiz eta "Prefosta" kantuak "buruhauste anitz" sortu dizkion, Herri Urrats eta ikastolak laguntzeko esperientzia polita izan dela dio.

Indarra hartzen

Azken urte hauetan Ipar Euskal Herrian raparen egoera ez dela asko aldatu aipatu du Odei Barrosok. Haatik, jendea mugitzen hasi dela dio. Euskal Herri mailan, ordea, bazter zein hertz ezberdinetan geroz eta rap disko gehiago ekoizten direla azpimarratu du. "Indarra hartzen ari den estiloa dela esango nuke".