Kazeta

Redadeg

Bretoieraren aldeko Redadeg korrikaren seigarren edizioa iraganen da aurten. Maiatzaren 4tik 12ra 1.800 kilometro zeharkatuko ditu kultur ekimenak.

Redadeg ekimenak Bretainiako bost departamenduak zeharkatuko ditu. ©redadeg
Redadeg ekimenak Bretainiako bost departamenduak zeharkatuko ditu. ©redadeg

Euskal Herrian Korrika lasterketa antolatzen den bezala, munduan gaindi anitzak dira tokiko hizkuntzen alde burutzen diren ekimenak. Horietariko bat Bretainian iragaiten den Redadeg lasterketa da. Bretoieraren aldeko hitzordua maiatzaren 4an abiatuko da Kemperretik.

Lasterketa antolatzen den urte oro, Redadegek hizkuntzaren garapenaren aldeko lelo bat hautatzen du. Bretoiaren hizkuntzaren aberastasuna goraipatzeko xedez, aurtengo lema "Bretoiaren koloreak" izanen da. Hautatutako lemarekin hizkuntzak duen aniztasuna nabarmendu nahi dute, hots, eskualdeka erabiltzen den mintzatzeko era goraipatzeko helburua dute. "Gure aberastasuna, gure hizkuntza" dela diote antolatzaileek.

Badira hamar urte Redadeg bretoierarekin aldeko korrika abiatu zutela. Lehenengo urte horretan antolatutako lasterketak 600 kilometro gainditu zituen. Urteetan zehar ekimen kulturalak babesa lortu eta garatzen joan da. Hain zuzen ere, aurten 1.800 kilometro zeharkatuko ditu, 2016ko edizioan baino ehun kilometro gehiago.

Aurten iraganen den seigarren edizioa hiru ehun herritatik pasako da. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen aldiz Locminé eta Ploërmel herrietatik pasako da. Ploërmelen Diwan eskola berri bat sortu dute aurtengo ikasturteaz geroztik.