Iurre BIDEGAIN

ZADen aldeko ekintza burutu dute Angelun

Lurraldea eta Itsasoaren departamenduko zuzendaritza okupatu dute Angelun apirilaren 13an. Notre-Dames-des-Landesen aldeko kolektiboak. ZAD Babestu beharreko gunearen kanporaketa fermuki salatu du.

Ekintza Angelun.
Ekintza Angelun.

ZAD Babestu Beharreko Gunean burutzen ari diren operazioa salatzeko xedez, Lurraldea eta Itsasoaren departamenduko zuzendaritzaren atea blokeatu du Euskal Herriko Notre-Dames-des-Landesen aldeko kolektiboak.  13.00ak aldera, militanteek erakundeko atean giltzarrapo bat jarri dute.

Lurraldea eta Itsasoaren departamenduko zuzendaritza, lurren kudeaketari dagokionez Estatu frantsesaren ordezkaritza da. "ZADen lurren etorkizunaren kudeaketan parte hartzen du", azaldu du ekintzan parte hartu duen lagun batek.

Kolektiboak "lehenbailehen kanporaketa gelditzea" fermuki eskatu du. "Galdegiten dugu berriz ere solasaldiak abiatu ditzatela, lurraldea defendatu duten jende guztien geroa bermatzeko", erantsi du.

Sarrera blokeatua dagoenez, langile zein bezeroak ezin dira eraikinera sartu. Bertan segituko dutela azaldu dute. Polizia kamioi bat gerturatu da gunera.