kazeta

Argitxu Noblia protagonista "Jakin"-en

Ipar Euskal Herrian Argitxu Nobliak izan duen eragina aztertzen du 224. zenbakiak.

Argitxu Noblia
Argitxu Noblia

Bereziki Seaskaren sortzaile izateagatik ezaguna den emakumeari, Argitxu Noblia Richardi, eman diote hitza “Jakin” aldizkarian, Amagoia Gurrutxaga Urangak egindako elkarrizketaren bitartez, Naiz atariak azaldu duenez. «Memoria ariketa» dela nabarmendu du Lorea Agirre hilabetekariko zuzendariak; hori dela-eta Ipar Euskal Herriko beste eremu batzuetan egin zituen ekarpenak ere ekarri dituzte gogora: Enbata mugimendu abertzalean eta Gure Irratian, esaterako.

1942. urtean Angelun sortu zen emakume hau bezala historia garaikidearen testigu esanguratsu direnen memoria atxikitzeak duen garrantzia azpimarratu du “Jakin”-eko zuzendariak: «Galzorian ez uzteko eta protagonisten ahotik zuzenean paperean idatzita uzteko».

Ibilbide zabala du Nobliak. Bordelera mediku ikasketak egitera joan zenetik, abertzaletasunarekiko konpromisoa erakutsi zuen, Enbataren sorrerarekin. Mugimendu politikoko hautagai izan zen, eta 1969. urtean Seaskako lehendakari bilakatu zen. «Euskararen sokari segitzea nahi nuen nire haurrentzat», adierazi du elkarrizketan. Sei urte egin zituen karguan. «Nekatuta nintzelako utzi nuen. Ez nintzen ados jende zenbaitekin», aitortu du.

Elkar argitaletxearen eta Gure Irratiaren sorkuntza ere bultzatu zuen, baita industria eta laborantza munduko eragileena ere. PNBn eta EAn militatu du, eta egun giza eskubideen aldeko borrokan ari da.

Seaskaren ikuspegitik

Protagonistaren ibilbidearekin bat eginez, Xan Aire, Ikastolen Federazioko Hizkuntza Proiektuaren koordinatzaileak, Seaskaren oraingo eta biharko erronken inguruan artikulua argitaratu du: “Hezkuntza eta Hizkuntza: osotasun baten bila”.
“Egunen gurpilean” atalean sinadura berriak izanen dira ale honetatik aurrera: Itziar Ugarte kazetaria eta Jaime Altuna antropologoa.