Iurre BIDEGAIN

Bi egunez idazleen topagune

Iazko berritasunari atxikirik, Sarako Idazleen Biltzarra bi egunez izanen da aurten ere, apirilaren 1 eta 2an. Euskal historia eta poesiaren alde egindako lana dela eta, Jean Claude Larronde eta Auxtin Zamora sariztatuko dituzte 35. edizioan.

Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 1 eta 2an iraganen da. © Isabelle Miquelestorena
Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 1 eta 2an iraganen da. © Isabelle Miquelestorena

Baionako Euskal Museoko arte lanen artean aurkeztu zuten aurtengo Sarako Idazleen Biltzarra,  martxoaren 20ean. Patrice Rouleau artistak egindako afixan agertzen den bezala, aurtengo edizioa apirilaren 1 eta 2an iraganen da. Iaz martxan jarritako aldaketa nagusia, hots, bi eguneko programazioa, mantentzea erabaki dute antolatzaileek.

Hala eginen dute ere haurren ekarpenarekin. Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko lehendakariak azaldu bezala, urtean zehar haurrek eskoletan egindako lana plazaratuko dute Sarako kiroldegian. Gazteek "Amodioa" gaiari buruz egindako marrazki eta poesiak bildu dituzte liburuxka berezi batean. "Haurren parte hartzeak parada eskaintzen die biltzarrera hurbiltzeko", aipatu du.

Aurtengo edizioak Jean-Claude Larronde historialaria eta Auxtin Zamora idazlearen ekarpena goretsiko du. Larrondek historia ezagutzeko garrantzia azpimarratu zuen hitza hartzerakoan. "Garaiko historia ezagutu behar da, orainaldia eta bilakaera ulertzeko", erantsi zuen. Bere aldetik, Zamorak esker sakonak eman ondoren, elkarte antolatzailearen eskuzabaltasuna eta kemena nabarmendu zuen.

Bi eremu elkar ezagutzeko

Antolatzaileen erranetan, hamabi bat liburu berri erakutsiko dituzte. Horien artean, Sarako herriko saria eskuratuko duen Koldo Zuazoren lana presente izanen da. Eibartarrak Lapurdiko herriko euskararen gramatika eta hitzak bildu ditu, 4.236 hitz hain zuzen. "Ipar Euskal Herriko hizkera ezagutzea inportanta da. Guti dakigu lexikoari buruz", erran du Zuazok.

Topagunera hurbilduko den orok idazleekin mintzatzeko parada izanen du. Solasaldiak bi eremutan gauzatzen ahalko dira: kiroldegian eta karpan. Azken horretan, Michel Duvert, Manuel Urtizberea, Paul Badiola eta Catherine Marchand izanen dira, igandez. Biharamunean, besteak beste, Asisko Urmenetak "Eusklabo alaiak" eta Xabier Elosigik "Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVII. mendean" obrak aurkeztuko dituzte.