Iurre BIDEGAIN

Baionako euskal presoen aldeko dinamika martxan da

Baionako euskal presoen aldeko dinamika bat abiatu du norbanakoen talde batek. Beren xede nagusia familiei laguntza ekonomikoa eskaintzea da. Helburua betetzen laguntzeko Hip hop gaua antolatu du martxoaren 24rako Zizpa Gaztetxean.

Ion Kepa Paroti baldintzapeko askatasuna ezeztatu diote bost aldiz. ©Iurre Bidegain
Ion Kepa Paroti baldintzapeko askatasuna ezeztatu diote bost aldiz. ©Iurre Bidegain

Iazko urtera arte Epaiskako militante bat Baionako euskal presoei helarazten dizkieten egunkariak ordaintzeaz arduratzen zen. Zoritxarrez, kide hori zendu eta, inork ez zuen segida hartu eta eginkizun hori hutsik gelditu zen. Baionako elkarte zenbaitzuen kidek lekukoa hartzea erabaki dute. Hori dela eta, kolektibo bat osatu eta euskal presoen familiei laguntzea eskaintzea erabaki dute. Asmo horrek hasiera eman dio Baionako euskal presoen aldeko dinamikari.

Oraingoz kolektiboa ez da elkarte gisa egituratu, baina ordurarte jasotako erantzuna baikorra dela ziurtatu du Martin Rochard taldeko kideak. Bi dira jatorriz Baionakoak diren euskal presoak, hots, Unai eta Ion Kepa Parot. Baina, Lapurdiko hiriburarekin lotura dutenei ere hedatzea erabaki du kolektiboak. Hala nola, Kepa Arkauzen familiari. "Dinamika ongi martxan bada, ildo horretatik segitu nahiko genuke eta geroz eta senide gehiago lagundu nahiko genituzke", erantsi du.

Ibilmoldea martxan ezatzeko, baita laguntza eskaintzeko ere Hego Euskal Herriko taldeekin harremanetan ezarriko dela dio kideak. Hazparnen berpiztu zuten dinamikako gazteekin ere kontaktuan dagoela azaldu du. Oroitarazi behar da herriko bi gazte askatu zutenez geroztik, euskal presoen aldeko dinamika itzalean gelditu zela.

Futboleko bideo joko txapelketa

Urte hasieran ibilbidea hasi zuenez geroztik, hilabetero ekimen bat antolatu du taldeak. Urtarrilean bertso poteo bat prestatu eta, otsailean mus txapelketa bat egin zuen. "Oraingoz, kostuak ordaintzea eta dirua familiei bideratzea lortu dugu", aipatu du Rochardek.

Kolektiboak hitzordu bereziak antolatu nahi ditu, gisa horretan, euskal presoen problematika ezagutzen ez dutenak sentsibilizatuko dituela uste du. Ildo horretatik, heldu den hilabeterako, futboleko bideo joko txapelketa bat antolatu du Zizpa Gaztetxean.

Lehenago, Hip Hop Gaua prestatu du martxoaren 24rako. Premiere Ligne, Arrano Pertxa, Dj Monark, Selekta Pepino eta Open Mic taldeek joko dute. Sarrerak sei euroko kostua izanen du.