Kazeta

Lau atxiloketa "terrorismoa goratzea" leporatuta

Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu Hego Euskal Herrian martxoaren 20ean: Oihana Garmendia, Antton López, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia. Azaroan zendu zen Belen Gonzalez euskal presoaren omenaldian parte hartu eta, "terrorismoa goratzea" leporatu diete.

Oihana Garmendia Belen Gonzalezen aldeko ekimemenan, Lazkaon. (Juanan RUIZ/FOKU)
Oihana Garmendia Belen Gonzalezen aldeko ekimemenan, Lazkaon. (Juanan RUIZ/FOKU)

Guardia Zibilak Oihana Garmendia, Antton López, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia atxilotu ditu martxoaren 20ean. Denak Intxaurrondoko kuartelera eraman dituzte. Lau atxilotuek Belen Gonzalezen omenaldian parte hartu zuten azaroan, Lazkaon. "Terrorismoa goratzea" leporatu diete militanteei. "Aurresku-Carmen" izeneko operazioak idekia segitzen duela dio Barne Ministeritzak. Hori dela eta atxilotu gehiago egon daitezke.

Kalera Kalerako bozeramailea den Garmendia Gernikan atxilotu dute 07.00etan. Militantea zazpi hilabeteko haurdun dago. Zabaleta, Sortuko arduraduna Nafarroan, Iruñeko parking batean atxilotu dute. Dañobeitiaren atxiloketa Bilbon iragan da. Azkenik, Lopez, Kalera Kalerako militantea ere dena, bere etxean atxilotu dute, Zarautzen.

Sare eta Sorturen salaketak

Sare elkarteak atxiloketak salatu eta "errepresioa mantentzearen alde" Gobernu espainolak agertzen duen jarrera gaitzetsi du. "Gobernu espainiarrak urtetako sufrimendu eta minarekin amaitzeko urratsak eman beharrean, berau luzatu eta betikotzearen alde egin du, Euskal Herrian oraindik orain eta ETAk zein EPPKk emandako urratsei muzin eginez, milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak itxi eta beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantenduz", gaineratu du.

Horrez gain, azpimarratu du atxiloketa hauek "euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka emandako atxiloketak" direla eta, ildo horretan, argi utzi nahi izan du "bere burua demokratikotzat jotzen duen Estatu batek ezin duela halakorik ahalbidetu".

"Beste behin ere", Sarek dei egin dio jendarte osoari eta instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileei "giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde urrats bat aurrera eman dezaten". Azkenik, halako egoerekin "guztiz amaitzeko" prestutasuna berretsi du Sarek.

Sortuk operazioa gaitzesteko agerraldia antolatu du goizean. Estatuak ez diola biolentziari uko egin nahi salatu du Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak eta adierazi du bere alderdiak ez duela onartuko "gezurrezko errelato bat eraiki dadin".