Idoia ERASO

Haize berria ekarriko du Bi Harriz Lau Xori festibalak

Astearte honetan hasiko da, antzerkiarekin, Biarritzeko egitarau kulturalean euskarazko arteari tokia egiten dion Bi Harriz Lau Xori jaialdia, eta musika eta dantza emanaldiak ere eskaini ondoren, larunbatean bukatuko da.

Hecho en Casa konpainiak “Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen” antzezlana eskainiko du ostiralean. © Guy Labaden
Hecho en Casa konpainiak “Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen” antzezlana eskainiko du ostiralean. © Guy Labaden

"Jaialdi honekin, euskal tradizioa inspirazio izanik zerbait berri egiteko nahia duten ikuskizunei ematen diegu tokia. Garenaz harro, baina urrunago joateko xedearekin eta estetika garaikidea emanez", hitz horiekin definitu zuen Muriel Etchenic programatzaileak festibalerako egindako hautua. Antzerkia, musika, dantza eta topaketa batek osatuko dute aurtengo egitaraua.

Jaialdiko "ohiko" artista den Mizel Thereten eskutik helduko da dantza. Festibalean estreinatuko duen “Lekeitiokoak” sorkuntzak Mikel Laboaren hainbat kantu ditu oinarri. Abeslari donostiarraren musika esperimentalenari mugimendua eman dio. Hamar urte inguru zeraman egitasmo honekin.

Oraingoan egindakoarekin pozik, bere koreografietan ohikoa duen estiloa aldatu du, agertoki gainera eramango duen azken obra izateko aukera duen honekin. Obra berri hau martxoaren 24an eskainiko da Colisee antzokian.

Antzerkiak "kalitate handiko" bi erakusle izanen ditu, heldu zein haurrei zuzenduta. Hecho en Casa konpainiak “Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen” antzezlana eskainiko du ostiralean. Obra hau frantsesez aurkeztua izan da jada kostaldeko hirian, eta "horrelako kalitate arrarokoa izanik euskarazko bertsioa ere ekartzea deliberatu dugu", baieztatu zuen Biarritzeko kultura arduradunak.

Helduentzako, Artedramaren “Hozkailua” programatu dute martxoaren 23an. Antzezlan honen aurkezpena, bi elkarlanen baitan kokatzen da: alde batetik, euskarazko antzerkia sustatzeko Euskal Kultur Erakundeak sortu duen Ibilki proiektua dago; eta bestetik, Aulestiko Adel Artedrama Euskal Laborategiaren Topaketekin duten lankidetza.

Kontzertuak

"Jaialdian beti kanpora begira leiho bat irekitzen dugu, eta aurten Seun Kuti & Egypt 80 ekarriko dugu. Orkestra handi bat osatzen dute, hamabost pertsona agertoki gainean", azaldu zuen Etchenicek. Martxoaren 22ko kontzertu horren lehen partean euskal musikaren ordezkaria Amorante izanen da, "pertsona bakarreko orkestra" izanen da.

Ukitu ezberdina emateko, “Zigorrekin mintzo” topaketa antolatu dute aurten, eskultorearen gibelean den «pertsona» hobeki ezagutzeko. Allande Boutin kazetariaren laguntzarekin martxoaren 21ean mediatekan egonen da.