KAZETA

Ernest Ginsburger Baionako rabino handiaren omenez

Auschwitzen bizia galdu eta, zazpi hamarkada pasa direla, Euskal Museoak Baionako Rabino Handia izan zenaz erakusketa eskainiko du.

Erakusketan, Ernest Ginsburger Baionako rabino handiaren bizi aberatsa ageri da. © Euskal Museoa
Erakusketan, Ernest Ginsburger Baionako rabino handiaren bizi aberatsa ageri da. © Euskal Museoa

Baionako Rabino Handia izan zen eta judutarren historiaz idazki franko utzi zituen. Baionako komunitateaz idatzi zituenak balio handikoak dira historialarientzat. Ernest Ginsburgerren omenez erakusketa antolatu du Baionako Euskal Museoak. Martxoaren 2an hasi eta 18an bururatuko da.

Auschwitzen bizia galdu baino lehen, bizi emankorra eta engaiatua izan zuen gizonak. Rabino, historialari, jurista, kazetari eta konferentzia emaile izan zen XX. mende hasieran. Frantziar Estatuko hego mendebaldeko judutarrei buruz informazio anitz bildu zituen. "Baionako judutarrak, jatorritik Frantziar Iraultzara" testuan, komunitate horren bizitzeko manerak ezagutarazteaz gain, merkatari portugesen dinamismo ekonomikoa kontatu zuen. Garai hartan gainerateko herritarrekin bizi zituzten tentsioak ere aipatzen zituen.

Euskal Museoak argitara ekarriko du hain guti aipatu den testua, Ernest Ginsburgerren biziaz erakustaldi bat antolatuz eta martxoaren 7an, goizeko 9etan, mahai-inguru bat eskainiz. Anne Oukhemenou historialaria, Georges Weill, Aliantza Israeldar Unibertsaleko liburutegiko eta artxiboetako arduraduna eta Jean Plançon, historialaria izanen dira gomitak. Anne Oukhemenouk rabino handi izan zenaz liburu bat argitaratu du Atlantica argitaletxearekin.