Maite UBIRIA

EH Bai erronka berriei begira

2012-2017ko hauteskunde zikloak koalizioaren indarra agerian utzi zuen, eta iazko urtea Ipar Euskal Herriaren aitortza lortzeko bidean "mugarritzat" jotzen du Euskal Herria Baik. Martxoaren 3an biltzarra eginen du, helburuak zehaztu, eta gero zuzendaritza berritzeko.

Eneko Aldanak eta Nikolas Blainek aurkeztu dituzte heldu den biltzar nagusiaren helburuak. © Bob EDME
Eneko Aldanak eta Nikolas Blainek aurkeztu dituzte heldu den biltzar nagusiaren helburuak. © Bob EDME

Euskal Herria Bai koalizioak 2012an hasi eta 2017an bururatu zen hauteskunde zikloaz "bilan baikorra" egin du. Gauzak horrela, mugimendu abertzalearen bilakaera indartzeko "aukera berriak" zabaldu direnez, bere "etxea hobeki antolatzeko" eta "gizartean bizirik diren dinamikekin aberastuz" egitasmo politikoa eguneratzeko asmoz biltzar nagusia eginen du heldu den martxoaren 3an, Hazparnen.

Nikolas Blain eta Eneko Aldanak, hurrenez hurren Makeako eta Ziburuko EH Baiko zinegotziak, hitzordu horren garrantzia nabarmendu zuten, ostiralean, Baionan egin zuten agerraldian, Gara egunkariak argitaratu duenez.

2012ko frantziar Legebiltzarrerako bozek zabaldutako hauteskunde zikloaren bigarren hitzorduak, 2014ko herrietako hauteskundeek, koalizioaren eremua indartu zuten. Berriz hirugarren heldu zen EH Bai, baina hainbat herri eta eskualdetan bigarren indarra izan zen. 2015eko kantonamendu hauteskunde partzialek bilakaera hori berretsi zuten. Zentro-eskuinak aise irabazi zituen bozak, hamaika kantonamenduetatik zortzitan gailendu baitzen, baina EH Bai bigarren indarra izan zen botoetan, eta bost kantonamendutan bigarren itzulian izatea lortzeaz gain, Errobi-Aturriko kantonamenduan departamenduko kontseilari hautatua izan zen Alain Iriart.

Iaz, Estatu frantsesean Presidentetza, Asanblea Nazionala eta Senatu erdia berritu ziren urtean, EH Baik langa berria gainditu zuen. Eszena politikoa inarrosi zuen hauteskunde urtean "ezkerraren lehenengo indar" gisa agertu zen EH Bai, neurri batean PSk pairatu zuen beherakada handiari esker. Emaitza horri "arduraz" erantzuteko asmoa agertu zuen orduan koalizioak. Orain, "anbizio handiagoz" jokatzeko garaia dela azaldu zuten.

Urrats handiak

Bestalde, hauteskunde eremuan gertaturiko aldaketekin batera, Ipar Euskal Herriaren aitortza lortzeko bidean urrats handiak egin direla nabarmendu zuten EH Baiko kideek.

Aldanak laburbildu zuenez, "2017a guretzat mugarria izan zen erakundetzeari begira, lehen ezagupen maila eman zelako, eta konponbidearen eremuan, ETAren armagabetze eta presoen auziaren karietara herri mobilizazioa agertu zelako".

Aldaketa horiek "ziklo berri batean atarian gaudela" erakusten dutela sinetsita, bere egitasmo politikoaren irismena zabaltzeko xedeak zehaztuko ditu ezkerreko koalizio abertzaleak Hazparneko biltzarrean, "erakundeak zein karrika" lan eremutzat hartuta. Erronka berriei erantzuteko bere barne egitura sendotzeko apustua egin du EH Baik. Gisa berean, bere zuzendaritza hautatzeko apirilean eginen den barne bozketan erabiliko den moldea finkatuko du.