Idoia ERASO

Ipar Euskal Herrira filmatzera etortzeko

Filma proiektuak erakartzeko egitura sortu berri du Garapen Turistikoaren Agentziak. Besteak beste, tokiko profesionalekin zubi lana egiteko sortu da film agentzia.

Miguel Courtois-ren "Gal" filma partez Ipar Euskal Herrian egina izan zen.
Miguel Courtois-ren "Gal" filma partez Ipar Euskal Herrian egina izan zen.

Joan den urtearen erdialdetik, ikus-entzunezkoen filmaketak erakarri eta errazteko erakundea sortu da: Bearno-Euskal Herria Film Agentzia. Behar bati erantzunez sortutako erakundea dela azpimarratu zuen Max Brisson departamentuko kontseilariak aurreko astean Biarritzen egin zuten aurkezpenean. Garapen Turistikoaren Agentziaren baitako erakunde berria jadanik 30 proiektutan laguntzeko kontaktatua izan da, Gara egunkariak argitaratu duen informazioaren arabera. Fikziozko filmetan ez ezik, dokumental, publizitate iragarki, bideoklip eta estatu mailako telebista emankizunetan laguntza jasotzeko jo dute beraiengana. Eta momentu honetan agentziaren kolaborazioari esker dokumental bat filmatzen ari direla nabarmendu zuten.

Agentzia berri honek Pirinio Atlantikoetako Departamendua filmazio lanetarako leku aproposa dela hedatu nahi du, baina izendatzeko erakundearen izen ofiziala agertu beharrean Bearno eta Euskal Herria agertzea erabaki dute. Horren arrazoia horrela azaldu zuen Isabelle Breil koordinatzaileak: "Identitate bikoitza duen departamentu batean gaude, eta garrantzitsua da bertakoa ez den jendeak ere bi lurraldeak errazki identifikatu ahal izatea".

Betebeharrak

Sektore ezberdinekin lan egiten dute agentzian, filmazio batek izan ditzakeen beharrei erantzun ahal izateko. Kanpotik filmatzera etorri nahiko luketen eragileak bertako profesionalekin harremanetan jartzen dituzte. Dekoratu eta agerlekuen kokalekuak bilatu eta proposatzen dituzte. Filmazio taldeei harrera egin eta lana errazten diete, horretarako baimenak lortzeko erraztasuna emanez, edo bertako enpresekin elkarlana sustatuz garraioa, ostatua edo jan-edaneko beharrei loturik.

Grabazio guneari loturiko aurrekontuetan telebista telesailei dagokionez, gehiena bertako jendea kontratatuz izaten dela baieztatu zuten; eta zinemako filmaketetan, aldiz, garraioa eta janaria eta lo egiteko guneak direla gehitu zuten. Horrelako filmazio lanek lurraldeari egiten dioten ekarpen ekonomikoaren garrantzia azpimarratu zuen Breilek.