Haritz LARRAÑAGA

Zahar etxeetan bizi den mina agerian gelditu da

Asteartean Frantziar Estatuan antolatua zen greba eguna zela-eta, jende anitz elgarretaratu zen Hendaiako zahar etxearen aitzinean. Langile, egoiliar, familia eta hautetsiek, denek elgarrekin adierazi zuten haien kezka.

Hendaiako zahar etxekoetaz gain, ipar Euskal Herriko beste hainbat egituretako langileek adierazi dute haien kezka. © Isabelle MIQUELESTORENA
Hendaiako zahar etxekoetaz gain, ipar Euskal Herriko beste hainbat egituretako langileek adierazi dute haien kezka. © Isabelle MIQUELESTORENA

Laguntza behar duten pertsona helduak aterpetzen dituzten egoitzetan (Ephad) greba egin zuten atzo frantziar Estatuan eta mobilizazio indartsuak izan ziren, lehen aldiz sindikatu, egoitzetako zuzendari eta erretiratuen elkarteek bat egin baitzuten, Gobernuari eskatzeko lan baldintzak hobetzeko neurriak har ditzala. Horrela, Ipar Euskal Herrian diren 20 zahar etxeetan mobilizazioetara atxiki ziren eta sindikatuak ere elkarrekin atera ziren kalera Lapurdiko hiriburuan.

Bi dira grebalarien eskakizun nagusiak. Batetik, azken urteetan zerbitzu publikoetan egin diren murrizketei aurre egitea, eta bestetik, 2023. urterako egoitza publiko eta pribatuak elkarraraziko dituen erreforma indargabetzea.

Tratu txarrak

Zerbitzu publikoan izan diren murrizketek ondorio zuzena dute egoiliar zein langileengan, zeren, Mikel Elizalde Hendaia Biltzen alderdiko hautetsiak azaldu zuenez, "Europan zahar etxeetako batez bestekoa hamar egoiliarreko 8 eta 10 zaintzaileren artean kokatzen den bitartean, Estatu frantsesean batez bestekoa 6 zaintzailekoa da".

Haizpean zahar etxeko langileei elkartasuna adieraztera gerturatu zen hautetsiaren iritziz, "lan baldintzak hobetzeko eskatzen da, baina horrela egoiliarren egoera ere hobetuko da". Kotte Ecenarro auzapezak, berriz, "botere publikoek bitarteko gehiago eskaini" behar dituztela aldarrikatu zuen (2018ko aurrekontua 150 milioi eurokoa da Estatu frantsesean), Gara egunkariak kontatu duenez.

"Greve" zioen zapia kopetan eta "sufrimenduarekin amaitu" zioen pankarta eskutan zuten langileekin (ia denak emakumeak), herritar xumeak ere baziren. Danjou andereak, Hendaiako egoitzan izan zuen bere ama hil ostean ere, besteei laguntzen jarraitzen du eta "egoera benetan larria" dela esplikatu zuen: "Dutxa astean behin da, eta leku batzuetan bi astean behin".

Amandine Dumont-ek, Haizpean egoitzako zuzendariak, egoeraren larritasuna azaltzeko adibide bat jarri zuen: "Gure pazienteak ez ditugula behar bezala tratatzen esaten digute, eta egia da, ezin baitugu guztiengana iritsi". Dumontek aditzera eman zuenez, Haizpean-en diren 67 egoiliarren batez besteko adina 88 urtekoa da eta 200 pertsona daude egoitzan onartuak izateko zain (80 urgentziazkoak).

"Non dago muga?"

Baionan LAB, CGT, UMSA, FO eta CFDT sindikatuetako bina delegatu Departamenduko gizarte zerbitzuetako ordezkaritzarekin bildu ziren eta azken hauen kexa nagusia, hain zuzen, hau zen, "‘tratu txar instituzionala’ esatea gehiegi esatea dela", jakinarazi zuen Eñaut Aramendi LABeko kideak.

"Salbuespen egoera larriak eguneroko ogi bilakatu dira, adibidez, janari hotza jatea edo gutxieneko maiztasunez dutxatzea; beraz, guk galdetzen dugu non den muga tratu txar eta tratu egoki baten artean", egin zuen gogoeta Aramendik.

"Mobilizazio bateratuei esker, arazoa aktualitatean kokatzea lortuko da", baina demografiaren hazkundea sortzen ari den arazoei aurre egiteko, "alternatiba berriak" plazaratu beharko dira, LABeko kidearen aburuz.