Dominika DAGUERRE

Larzac-etik NDDLera: proiektu inposatu eta behargabekoen aurkako borrokak eta haratago...

ANALISIA- Notre-Dames-des-Landes gunearen nondik norakoak azaldu ditu Dominika Daguerrek. Larzac-eko proiektuaren eredua gogora ekarri eta gaur egun jokoan dagoen nabarmendu du irakasleak. "Aireportuaren proiektua utzia izan da baina ez horrelako proiektu handien logika".

ZAD gunearen etorkizunaren aldeko elkarretaratzea. ©Bob EDME
ZAD gunearen etorkizunaren aldeko elkarretaratzea. ©Bob EDME



Urtarrilaren 17an, lehen ministroak iragarri zuen gobernamenduak Notre-dame-des-Landes-eko aireportu egitasmoa bertan behera uztea erabaki zuela... duela 50 urte sortu zuen proiektuaren bukaera baina bereziki 50 urteko borroka luze baten garaipena! Garaipen bat beste bat oroitarazten duena: Larzac-eko borrokarena duela 35 urte.

Larzac-eko borroka, eredua?

Bi proiektuak garai berekoak dira; ez da batera kasualitatea. Baina ez dute batere bilakaera bera ezagutuko eta Larzac-eko borroka, horrelakoak irabazten ahal direlako froga (bakarra urtarrilaren 17a arte), eredu eta erreferentzia bilakatu da horrelako “proiektu handi, behargabeko eta inposatuen” aurka ari direnentzat.

Biak 70. hamarkadaren hasieran iragarriak izan ziren.

Larzac-en, nahi izan zen zegoen militar kanpamendua hedatu, bertako laborarien lurrak desjabetuz. Orduan aurkako borroka bertako 103 laborarien inguruan antolatu zen, laister sostengu zabala, masiboa eta anitza lortuz (1973an adibidez, 60 000-100 000 pertsona elkartu ziren han, haien artean NDDLeko laborari batzuk) eta kanpoko jende batzuk erakarriz, han bizitzea erabaki zutenak. Hamar urteko borrokaren ondorioz, François Mitterrand boterera heldu zelarik, 1981ean, proiektua bertan behera utzi zen, aztarna sakonak utziz. Batzuek diote mugimendu altermundialistaren oihantzea/humusa izan zela. Dena den erreferentzia gelditzen da borroka askorentzat; sostengu eta inspirazio iturria ere NDDLeko ZADistentzat.

Notre-Dame-des-Landesen, aireportuaren egitasmoa jakin zenean 1972an, berehala ZAD bilakatuko den eremuan ari ziren laborariak elkartu ziren erresistentzia eta aurkako borroka antolatzeko. Baina aski fite egitasmoa lo utzia izan zen, garaiko testuinguruagatik: petrolio krisia eta, segur aski,  Larzac bezalako beste borroka bat saihesteko. 2000. urtean, proiektua berriz bultzatu zen; orduan sortu zen ACIPA elkartea (Association citoyenne intercommunale des Populations concernées par le projet d'Aéroport), azterketa eta informazio lana burutzeko, eta 2004an, proiektuaren aurkakoen koordinazioa (50 baino gehiago elkarte, sindikatu, mugimendu politiko elkartzen dituena).

2008an, borrokak beste aurpegi bat hartu zuen: proiektuaren "onura publikoa" aldarrikatu zelarik, eremuan bizi zen biztanle batzuek "ZAD-a okupatzera" deitu zuten. Ordutik goiti, mugimendua ideki eta zabaldu zen, sektore ekologista ezberdinei, antikapitalistei eta beste bizi eredu baten bila zirenei: jende berria etxaldeetan instalatzen edo kabanak eraikitzen hasi ziren orduan, 2007an ideki lehen skuataren ildoa segituz. ZAD-a, “Zone à défendre-defendatu beharreko eremua” sortua zen.

2011an, aireportuaren gauzatzea VINCI enpresa handiaren eskutan utzi eta, sabotaiak (prestakuntza lanenak) biderkatu ziren, bai eta auziak eta presioak; mobilizazio handiak ere (martxoan, 10 mila pertsona eta 200 traktore Nantesen; aireportuaren aurkakoen gose greba, hauteskundeak arte iraun zuena...).

2012ko urrian, gobernamendu berriak “Cesar operazioa” bultzatzen du : 2000 polizia ZAD-aren aurka baina porrota handia; okupatzaileak gelditzen dira, elkartasun mugimendu zabal baten laguntzarekin (200 sostengu talde sortuak orduan).  Azaroaren 17an, 40 mila pertsona baino gehiago elkartzen dira  kanporatua izan zen eremua ber-okupatzeko... suntsitzeko beste entsegu batzuk izan arren, ber-eraikitze garaia da eta jende berria heldu da bizitzera.

2013tik goiti: “Zure ZAD-a erein!” eta “ZAD-a denetan !” lema pean, laborantza proiektu berriak, baserriak eta lurrak okupatuak ; mobilizazio handiak mugimenduaren aldeko sostengu guztiak  elkartzeko bai eta errepresioari eta  etengabeko presioei aurre egiteko; xantierrak, proiektuak laguntzeko, bizitegiak zaharberritzeko edo berriak eraikitzeko.

ZAD-a sostengatu eta defendatu, aireportuaren munduaren kontra borrokatzeko

Izan ere, “NDDL”  anagrama, “proiektu handi, behargabeko eta inposatuen” hots  proiektu suntsitzaileen aurkako borroken sinboloa bilakatu da, baita jende askok zalantzan ematen duen sistema, jendarte eredu baten aurkakoarena ere. Hango batzuek dioten bezala “(...) elkarrekin, ez gara bakarrik beraien proiektuen oztopoak baizik eta beraien logikarentzako trabak, aireportuarekin edo gabe.”

Horrela, urteetan zehar, aireportuaren aurkako borroka beste batean errotu da; hain zuzen azken 10 urteetan txandakatu diren gobernamenduek desagerrarazi nahi duten bizi eta ekoizteko modu  alternatibo baten  esperimentazio eremuan, bere okupatzaileek "Defendatzeko eremua" "Zone à Défendre" deitu dutena, hamar milaka jenderen sostenguarekin bizirauten duena.  

Larzac-eko borroka eta NDDLekoak, enblematikoak ote?

70. hamarkadan, antzeko proiektu handi batzuen aurkako beste borroka asko izan ziren; batzuk irabaziak ere: Plogoff (nuklear zentral baten egitasmoa, 1981ean baztertua), Euskal Herrian Lemoizeko nuklear zentrala, berantago ere  2x 2 autobidea  Iparraldean... Alta, Larzac-ekoak badu toki berezi bat memoria kolektiboan eta aztarnak utzi zituen mugimendu sozialetan, NDDLeko borroka luzeak eginen duen bezala dudarik gabe.
Soziologo batek  France Culture irratian azpimarratzen zuen bezala urtarrilaren 16an, Larzac-eko borroka eredua bilakatu zen eta  filiazio zuzena bada bi borroken artean. Are gehiago orain biak  neurri batean garaile izan baitira. Biek tokiko borroka eta borroka globala uztartu edo uztartzen baitituzte eta arazoak egiturazkoak direla agerian uzten baitute, sistemari lotuak hots. Bietan ere bizi kolektiboaren beste antolaketa, jendartearen beste antolaketa aldarrikatua izan da eta esperimentatua, balore eta antolaketa printzipio batzuen inguruan : “komunak”, elkartasuna,   elkarrekin pentsatu, eztabaidatu, egin, eraiki...

Hau  da jokoan dena beraz orain hasten den NDDLeko borrokaren beste fasean: aireportuaren proiektua utzia izan da baina ez horrelako proiektu handien logika, ez “aireportuaren mundua” beraz. Horrez gain, ZAD-a, beste “mundu” horren esperimentazio eremua desagerrarazi nahi da.

Borrokak segitzen du beraz eta  aireportuaren kontra eta ZAD-aren geroaren aldeko mugimenduko eragile ezberdinek han bertan elkartzera deitzen dute otsailaren 10ean,  garaipena ospatzera eta borrokaren segida prestatzeko.