Kazeta

Carles Puigdemont, Kataluniako presidentea izateko hautagai bakarra

Carles Puigdemont Kataluniako presidentetzarako hautagai izendatu du Roger Torrentek urtarrilaren 22an. Egun berean, Puigdemont Danimarkara joan da eta hura atxilotzeko euroagindua martxan jartzea galdegin du Estatu espainiarreko prokuradoreak. Epaileak, ordea, eskakizuna ezeztatu du.

Badira hiru hilabete Carles Puigdemont Belgikan dagoela. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Badira hiru hilabete Carles Puigdemont Belgikan dagoela. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Roger Torrent Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak Generalitateko lehendakaritzarako hautagaia izendatu du: Carles Puigdemont. Parlamentuko lehendakariaren aburuz, Puigdemontek hautagai izateko "erabateko zilegitasuna" du.

Hautagai bakarra izendatu duten egun berean, Danimarkara joan da Carles Puigdemont. Hain zuzen ere, Kopenhageko unibertsitateko mahai inguru batean parte hartuko du: "Katalunia eta Europa, demokraziarako bidegurutzean".

Estatu espainiarreko prokuradoreak abisatu zuen bezala, euroagindu eskaera berriz martxan ezartzea galdegin dio Auzitegi Goreneko epaileari. Pablo Llarena epaileak galdea ezeztatzea erabaki du. Epailearen arabera eskaera "arrazoizkoa" da, baina memento honetan euroagindua martxan ez jartzeko "ñabardurak" daudela erran du.

Oroitarazi behar da, Belgikara joan zenean ere atxilotzeko eskaera egin zuela, baina eskaera bertan behera uztea erabaki zuen Pablo Llarena epaileak.