Joseba AURKENERENA

Urruñako hilerrian behin

IRITZIA- Sokorri mendian bizitako topaketa baten berri eman du Joseba Aurkenerenak Eleka sailean. Mendian zegoelarik, bertan hurbildu zitzaion aitatxi batek azaldutakoa aipatu du idazleak.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Bizitzaren aldi guztietan badira gauza ederrak, konformitatez bizi izanez gero. Nik, bederen, nire bizitzaren aldi guztietan gozatu dut, haurtzaroan, nerabezaroan, gaztaroan, helduaroan eta erretiran sartu naizenez geroztik ere, pozik bizi naiz. Horrek ez du erran nahi aro guzti horietan ez zaidala gauza txarrik gertatu, bistan da, denoi bezalaxe. Haatik, politagoak dira nire gogoan estekaturik gelditu diren oroitzapen eta bizipenak.

    Erretiran izateak bide berriak zabaltzen ditu, gauzak polikiago eta sakonago bizitzeko eta aztertzeko, eta urteetan egin ez ditugun gauzak egiteko parada ematen digu. Ni, adibidez, goizero, eguzkia edo euria lagun, zakurtxoarekin Urruña gaineko Sokorri mendira joaten naiz oren erdiko ibilalditxoa egitera, eta egunero zerbait berria topatzen dut. Sokorri mendia erran dut, gaur urruñarrek horrela erraiten baitiote, goi-goian den Sokorriko Ama Birjinaren kaperaren izena harturik. Baina hori al da toki-izen zaharra? Ez dut uste. Inguruetako toponimoak azterturik, garai zaharretan Zuhigarai edo horrelako zerbait zela erranen nuke nik.

    Lehengo batean, Sokorrin nengoela,  Ama Birjinari otoitz egitera joandako aitatxi bat hurbildu zitzaidan eta Bixente Izkierdo herriko ditxolari famatuari buruz berriki egin dudan artikulu edo bilduma aipatuz honela erran zidan:

Zure paperean irakurri ez dudan istorioa kontatu behar dizut, zuri ongi idurituz gero, jakina!.
Bai gizona! ---ihardetsi nion nik--- atsegin handiz entzunen dizut.

Eta nik emandako baiezko erantzunaz pozik, kontatzeari ekin zion.

“Behin, baziren Urruñan bi muttiko bizi-biziak zirenak eta bihurrikeriatan zebiltzanak. Arrats batez, eta iluntasunaz baliatuz, Urruñako hainbat etxetan sagarrak osten ari izan ziren. Zaku bat bete-betea zutela, herriko hilerrira sartu ziren sagarrak bien artean banatzeko asmotan.  

Zakua aski handia zen, eta hortakotz, arrastaka eramaiten zuten.
Hilerrira sartzean, gainezka zen zakutik bi sagar erori zitzaizkioten lurrera, baina ez zituzten jaso, zakuan jadanik sagar ainitz baitzuten.
Hobien artean xoko goxo bat bilatu eta hortxe hasi ziren baltsan, sagarrak bien artean banatzen, alegia.

Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat….

     Horretan ari zirela, iritsi zen Bixente Izkierdo hilerri aldera. Mozkorturik zegoen  eta gaua pasatzeko xoko goxo baten xerka zebilen. Hilerri aitzinean zelarik, barrutik zetozen ahotsak entzun zituen:


Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat….


    Entzuten ari zena ezin sinetsiz, belarria ongi zorroztu eta berriz gauza bera entzun zuen:

Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat….

    Eskuan izpirituz erdi beterik zuen botoila lurrera bota eta lasterka joan zen. Apezetxera iristean, atean jo zuen indarrez, eta berant zen arren, jaun erretorak atea zabaldu zion.

Zer nahi duk Bixente? Berandu ibiltzen haiz gaur.
Jaun erretora, ez didazu sinetsiko, baina hilerrian Jainkoa eta debrua hildakoak elkarrekin banatzen ari dira.
Baina zer erraiten duk. Jainkoak ez dik deus banatzen debruarekin. Bekatua duk hori!
Ba, ez badidazu sinesten, etor zaitez nerekin, eta ikusiko duzu!
 
           Jaun erretora, kapelua buruan ezarri eta Bixenteren gibeletik abiatu zen plazara buruz. Eliza ondoko hilerrira iristean, Bixentek honela erran zion:

Jaun Erretora, entzun ezazu, otoi!

     Eta erretora jaunak Bixentek erran bezala egin zuen. Belarria zorroztu eta entzun.

Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat. Hau hiretzat eta hau neretzat. Hau hiretzat eta hau neretzat. Eta hau hiretzat eta hau neretzat, kitto!

Eta kanpoan dauden biekin zer eginen dugu? ---galdetu zuen muttikoetako batek hilerrira sartzean erori zitzaizkien bi sagarrak gogora ekarriz.

Bai, bi horiekin gauza bera eginen diagu. ---erantzun zion beste muttikoak--- Bat hiretzat eta bestea neretzat!

    Hori entzutean, jaun erretorak gona beltza bi eskuez altxaturik, lasterka abiatu zen plaza beheitti, Bixente gibeletik zihoakiola. Apezetxeko atea esku bultzada batez zabaldu, eta biak lasterka sartu ziren barrura. Jaun erretorak gakoa zarpatik hartu eta fite zerratu zuen atea. Hortxe pasatu zuten gaua biek, ongixko afaldu ondoren. Biharamunean, Bixentek Jaun Erretorarekin batera ederki gosaldu, eta apezetxetik joan zen.

    Buka dezagun istorio hau Xerar Urrutia adiskideak egin dion bertsoarekin.

                                       Apeza ikaratua
                                       ta Bixente alegera,
                                       afaria ta loa
                                       urririk izan dituena.
                                       Bakotxak bere sinesmena,
                                       zerua ala lurra,
                                       batzuen beldurra,
                                       besteen malezia.