Kazeta

Oiartzunen iraganen da Aitzina eta Ernaik antolatuko duten Gazte Akelarrea

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek Gazte Akelarrea antolatuko dute Oiartzunen martxoaren 30,31 eta apirilaren 1ean. "Sorginkerian dugu independentzia" lelopean iraganen den ekimenak Elikaduran, eskaintza kulturalean eta lan boluntario eta militantearen zaintzan indar berezia jarriko du.

2018ko Gazte Akelarreko kartela.
2018ko Gazte Akelarreko kartela.

Oiartzunek hartuko du, martxoaren 30, 31 eta apirilaren 1ean, aurteango Gazte Akelarrea. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeen eskutik, Oiartzun "Euskal Herriko txoko guztietako borroken topagune bilakatzea" dute jomuga, Naiz atariak plazaratu duenez.

‘Sorginkerian dugu independentzia’ lelopean elkartuko dira. "Eguneroko su txikiz pizten dugu independentziarako bidea, sorginkeria, errebeldiaz eta konpromisoarekin", azaldu dute ohar baten bitartez.

Martxoaren 30etik apirilaren 1era, «hausnarketa, eztabaida, sorginkeria eta konspiratzeko gune» bilakatuko dute Gazte Akelarrea, eta hitzaldia, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkiak eta kontzertuak ez direla faltako ere jakinarazi dute. Martxoaren 31an, era berean, gazte bazkaria eta «eguzkiari agur esateko akelarre berezi bat» egingo dutela ere jakinarazi dute.

Bestetik "hiru su piztuta" izango dituzte: elikadura, eskaintza kulturala eta zaintza. Zentzu horretan, kontsumituko den produktu oro bertakoa izanen da, ekimena egingo den herri edo eskualdekoa gehienbat. Era berean, eskaintza kulturala "herritik eta herrirako sortutakoa" izatea bultzatuko dute. Azkenik, lan boluntario eta militantearen aldeko apustu garbia egin dute.

Datozen asteotan informazio gehiago helaraziko dutela jakinarazi dute.