Iurre BIDEGAIN

Lapurdiko herriak mutxikoen bidez lotu

Mutxikoek gidatuta, Lapurdiko berrogeita bat herriak lotu ditu "LapurdiAround" deituriko egitasmoak.

"LapurdiAround" deituriko egitasmoak Lapurdiko 41 herriak mutxikoen bidez lotzeko xedea du. Iñaki Goikoetxea Arrufat, Javier Iribarren Legorburu, María Rubio Agesta eta Iker Zaballa Martinek plazaratu duten bideoan kostaldeko zein mendi aldeko txokoak argira ekarri dituzte.

Egitasmo honen abiapuntua "GipuzkoaAround" izenburupean gauzatu zuten proiektua da. Donostia 2016 egitasmoaren karietara, laukote honek Gipuzkoako 89 herriak lotu zituen historiaren herri eta hirien paisaiak agerraraziz.

Mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko, Bitamine Faktoriak eskaintzen dituen diru laguntza lortu zuen "LapurdiAround" ideiak. "Euskal Herria saretzeko bidean, bideo honek ere lagundu dezakeela uste dugu", aipatu du Iñaki Goikoetxeak.

Gipuzkoari buruzko bideoan ez bezala, aldi honetan istorio bat aurkitu ordez, hautatutako kantuak berak,"Bidartarrak", ildoa eman ziela erran du Goikoetxeak. "Bueltaka ibili ginen eta argi genuen mutxikoak edo jauziak agertu behar zirela, Lapurdirekin lotura zuzena dutelako", ohartarazi du.

Ideia buruan izanda, autoa hartu eta udaz geroztik grabaketa lanak burutu dituzte. Aldez aurretik txokoa aukeratuta, herriz-herriz ibili dira dantzan. Bakarka baita bertako herritarrekin batera ere. "Hasieran uste genuen erraza izango zela jendeari erakustea, baina ez da hala izan", erantsi du.

Atea irekia

Nabarmenduko zukeen memento bati buruz galdegiterakoan, Azkainen bizitako unea gogora ekarri du dantzariak. "Azkainen talde handienarekin lan egin genuen. Sei-zazpi lagun elkartu ginen ibaiaren ondoan. Oso polita izan zen", aitortu du. Jendeak beren proiektuarekiko erakutsi zien ikusmira ere azpimarratu du Goiekoetxeak.

Etorkizunari begira, antzeko beste proiektuei ez die atea hetsi gazteak. Haatik, horrelako egitasmoak burutzea denbora asko eskatzen duela dio. "Denborarekin, Euskal Herri osoa formatu berean grabatzea gustatuko litzaidake. Baina, denbora librea lortzea eta gure arteko koordinazioa gauzatzea zaila da", aipatu du.

Xiberoa eta Baxe Nafarroako herrien kopurua kontutan harturik, "egingarria" izanen zela uste du Iñaki Goikoetxeak. "Araban ez da hainbeste herririk eta Bizkaian, ordea, 115 daude. Nafarroa ere izugarri handia da. Denborarekin, zergatik ez?".