Kazeta

Bakea eta konponbidearen alde, Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin du Sarek

"Giza eskubideak, konponbidea eta bakea" aldarrikatzeko Bilboko karrikak betetzeko deia luzatu du Sarek urtarrilaren 10ean. Larunbateko egitaraua zehaztu du elkarteak. Egun osoan animazioak prestatuko ditu eta mobilizazioa bera 17.00etan abiatuko da.

Larunbatean, egun guztian zehar egonen da presoen eskubideen aldarria Bilboko kaleetan. (ARGAZKI PRESS)
Larunbatean, egun guztian zehar egonen da presoen eskubideen aldarria Bilboko kaleetan. (ARGAZKI PRESS)

‘Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude’ lelopean euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioa eginen dute Bilbon. Sarek, gaur, bizkaitar hiriburuan agerraldia egin du eta kaleak betetzeko beharra nabarmendu du, Naiz atariak azaldu duenez. "Izan dadila urtebete gehiago, urte bat gutxiago geratzeko", adierazi dute.

Azken urtean "urrats handiak" eman direla nabarmendu du. "Iruñeko eta Gasteizko parlamentuak izan dira horren adierazle. Gainera, euskal sindikalgintzako eremu osoak ere bat egin du", azpimarratu dute. Bestetik, ETAren armagabetzea gauzatu dela nabarmendu dute. "Gasteiz zein Iruñeko adostasunetik abiatuz Paris ta Madrilen eragin ahal izateko ezinbesteko urratsa baita".

Larunbateko mobilizazioaren bitartez, "giza eskubideak, konponbidea eta bakea" aldarrikatu nahi dituzte. "Ozenki salatuko dugu espainiar estatuak zigorren batuketak ez aplikatzearren, beraien zigorra bete eta gero kartzelan jarraitzen duten presoak gehaigo direla". Gogoan izango dituzte ere larriki gaixo dauden presoak.

"Euren gotorlekuetan daudenak mugiarazteko, espainair zein frantziar estatuei egoera honen amaiera exijitzeko eta elkarbizitza baterantz abiatzea posible dela irudikatzeko" aterako dira kalera.

Egitaraua, egun guztian zehar

Eta kaleak goizean-goizetik betetzeko hainbat ekimen izanen dira. 11:00etan lehen deklarazioak eginen dituzte La Bolsan eta 11:30ean, leku berean, mahai-ingurua osatuko dute Herrialde Katalanetako David Fernandezek, Kolonbiako Mario H. Calixtok, Bake Bidea ekimeneko Anaiz Funosas eta Sareko bozeramaile Joseba Azkarraga, Pili Kaltzada moderatzailearekin batera.

12:30ean, Areatzako gunean, Porrotxen ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da eta hasieran kartzelan dauden Xua, Haitz eta Izar haurrentzako argazki herrikoi bat eginen da. 13:30etatik aurrera, Areatzan bertan, bertso saioa izanen da Oihana Bartra, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallusen eskutik eta 15:00etatik aurrera Kepa Junkera eta Sorginak arituko dira.

17:30ean abiatuko da mobilizazioa La Casillatik, baina egitaraua ez da hor amaituko. Behin manifestazioa amaituta musika itzuliko da Areatzara Anita Parker eta Tximeletaren eskutik.

Guzti hau 600 boluntario baino gehiagoren lanari esker aterako dela aurrera nabarmendu dute.