Haritz LARRAÑAGA

Urtea bukatu eta, erronka berriei begira jartzeko unea

Urtea bukatu eta berria hasi da. 2017ak emaitza interesgarriak utzi zituen txapelketei dagokienez. Aurtengoan jakinen dugu maila orokorrak gorantz egiten jarraituko duen. Itsaskiei dagokienez, udazkena apur bat eskasa izan bazen ere, urtea ezin hobeto hasi da itsaski sendoekin.

Nazioarteko surflariak ikusteko parada gipuzkoar kostaldean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Nazioarteko surflariak ikusteko parada gipuzkoar kostaldean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Urte bat amaitu eta bestea hasi da, eta ez edonola gainera, sekulako itsaskiak izan baitira azken egunetan Euskal Herrian. Olatu handien zaleek Mundaka edo Izuztarri bezalako urautsietan gozatu ahal izan dute eta Belharrako olatu famatuak ere kuku egin du aspaldiko partez, Garako artikuluak azaldu duenez.

Olatuak oso itsaski handiak direnean bakarrik jasotzen diren urautsietan ere izan da egitekorik, hala nola Hondarribi, Donostiako Ondarreta edo Getxoko Ereaga hondartzetan kasu. Eta ez du hotz handiegirik egin; beraz, olatuei dagokienez, urtea bikain hasi dela esan daiteke.

Urtea olatu handi eta ederrekin hastea ez da arraroa, ordea, azken urteetan sarri gertatu den zerbait da, zeren Euskal Herriko kostaldean surf egiteko sasoi onena ez da uda, udazkena eta negua baizik. Pasa den udazkena ordea, ez zen azken urteetako onena izan.

Udazken eskasa Landetan

Azken egunetakoa pasa den udazkenean izan ez zenaren ordaina dela dioenik ere bada, eta ez zaio arrazoirik falta; izan ere, gurean surf egiteko sasoi onena udazkena izaten den arren, pasa den urtekoa apur bat eskasa izan zen. Izan ziren itsaski eta hego haize egun ederrak, baina ohikoa baino gutxiago.

Gainera, Landetan udazkenean izan ohi diren tubo famatuak oso urriak izan ziren. Izan ziren egun solteak, itsaski sendoa, erreka haizea eta eguzkia nagusi ziren egun politak, baina hondoak ez ziren beren onenean, eta ondorioz, ez zen batere erraza olatu garbiak eskainiko zituen urautsi bat aurkitzea. Orokorrean, ohikoa baino udazken eskasagoa izan zen Landetan 2017an.

Fenomeno honen arrazoi nagusietako bat zera izan zen, baldintzak onak izan arren, olatuen arteko distantzia luzeegia zela, eta hori leku gehienetan aldeko eragilea izaten den arren, Landetako hondartzetan kontrakoa da, halako egunetan olatuak ihesbiderik gabe ixten baitira.

Landetan baldintza onak izateko, olatuen arteko tartea gehienez hamalau segundokoa izatea komeni da. Horrela, errazago jasotzen dira mundu osoan hain ezagunak diren Landetako "piko" famatuak eta halako egunetan olatuen kalitatea "mundu mailakoa" izaten da.

 

Galea Punta justu

Txapelketei dagokienez ere, hasiera ederra izan du urteak, Galea Puntakoa baldintza duinetan egin ahal izan baitzen. Halere, onartu beharra dago olatu handien txapelketa bat izateko tamaina justua izan zutela olatuek. Orain dela bi urte arte leku berean egiten zen munduko txapelketa izan balitz ez dago jakiterik lehiaketa egingo zatekeen, baina edonola ere, olatuen tamaina handia izanagatik ere, ez zen aparteko itsaskia izan.

Nick Lamb kaliforniarrak irabazi zuen Galea Puntako txapelketan argi geratu zen gauzetako bat olatu handietako surflarien maila izan zen. Duela urte gutxi baldintza berdinekin surflariek ez zuten hainbeste arriskatzen, eta hein horretan, Euskal Herriko surflarien maila gorantz doala nabarmena da. Natxo Gonzalezek bizkarkako tubo bat egin ostean jaso zuen hamarrekoa da horren adierazle.

Nazare eta Mundaka

Txapelketez harago, Gabon garaia bidaiak egiteko momentu egokia ere izan daiteke, eta urtero lez, asko izan dira atzerrira surf egitera abiatu diren surflariak. Haien artean bat aipatzearren, Axi Munian aipa daiteke. Azken egunetan Nazaren hartu dituen olatu erraldoietako irudiak eskuz esku dabiltza. Kontuan hartu behar da, duela urtebete eskas bizia galtzeko zorian izan zela zarauztarra Nazaren.

Duela urtebete Mundakan surf egiten istripu larri bat izan zuen beste surflaria Kepa Acero izan zen, eta honek ere leku berean surf egiteko aukerarik ez du galtzen ezker olatu borobila jiraka hasten denean.

Neskak eta bodyboarderrak

Goi mailako lehiaketei dagokienez, pasa den urtean emaitza onenak eta maila altuena erakutsi duten lehiakideak neskak eta bodyboard zaleak izan dira. Bi kategoria hauetan azken urteetan egin den lana emaitzak ematen hasi da, eta jada, batean zein bestean, mundu mailan beren lekutxoa egiten hasi dira.

Alex Urangak, urte osoan zehar lehen postuetan egon arren, azkenean hamargarren amaitu zuen munduko lehen mailako bodyboard itzulia, baina Europako txapela irabaztea lortu zuen. Inguruko bodyboard zaleengan Uranga izaten ari den eragina nabarmena da, Zumaian bodyboardak sekulako indarra hartu baitu.

Nesken kategorian, Garazi Sanchez da emaitza esanguratsuena lortu duena. Europako WSL rankingean bigarren postua eskuratu zuen algortarrak, baina inguruan dituen lagun eta lehiakideen maila ere egonkortzen ari da eta pixkanaka gorantz doa nesken surf maila.