Iurre BIDEGAIN

Poliki, baina hazten doa PuntuEus domeinua Ipar Euskal Herrian

Euskal Herriko joerari alderatuta, polikiago garatzen ari da PuntuEus domeinua Ipar Euskal Herrian. 2018an errealitate linguistikoari lotuta dagoen zabalkundea indartzeko, ahaleginak eginen ditu fundazioak. Hala nola, Elkargo bakarrarekin harreman formalagoa eratuz.

Iñaki Goirizelaiak puntuEUS fundazioko lehendakari kargua hartu eta erronkak azaldu ditu. (ARGAZKI PRESS)
Iñaki Goirizelaiak puntuEUS fundazioko lehendakari kargua hartu eta erronkak azaldu ditu. (ARGAZKI PRESS)

Euskal Herri mailan, aurreikuspenak gainditu dituen zabalkundea bizi zuen PuntuEus domeinuak 2017an. Garapena %18a izatea aurreikusia zuen fundazioak, azkenean, %22koa izan dela azaldu du Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak. Ipar Euskal Herriari dagokionez, iaz ere hazkunde handiagoa izan zuen aurreko urteei konparatuz. Hala ere, hazkundeak tipia izaten segitzen du.

Waliñoren erranetan, PuntuEusen zabalkundea errealitate linguistikoari oso lotua zaio. Esaterako, Gipuzkoan domeinuak Bizkaian baino presentzia handiagoa du, nahiz eta Bizkaiak lurralde bezala potentziala handiagoa ukan. "Bizkaian webgune gehiago daude beste lurraldeetan baino, baina PuntuEusek hala ere presentzia gehiago du Gipuzkoan. Lurralde euskaldunagoa delako, webgune euskaldunagoak direlako", azaldu du. Hain zuzen ere, domeinuak hizkuntza eta kulturarekin harreman zuzena dauka.

"Ipar Euskal Herrian errealitate soziolinguistikoaren eraginez, zabalkundea motelagoa doa. Gainera, Hego Euskal Herrian ez bezala, '.fr' domeinuak indar handia dauka", erantsi du zuzendariak. PuntuEusen presentzia Ipar Euskal Herrian %2koa da. Gehienak, hots, %35a, enpresek kudeatutako webguneak dira.

Domeinu gehienak Baionan kokatzen dira: 30. Bigarrenik, Uztaritzen dago domeinuen gehiengoa, hau da, 15. Waliñok ohartarazi duenez, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitza bertan dago eta horrek Interneteko hainbat proiektu kudeatzen ditu.

Ipar Euskal Herriko lurraldean gertatu aldaketek asko lagundu dezaketela uste du fundazioak. 2018ari begira presentzia areagotzeko lana sakontzeko xedea du. Adibidez, Euskal Elkargoarekin harremana "formalagoa" eratu nahi du fundazioak. "Elkarlanean, harreman horiek martxan jartzeko asmoa daukagu urte hasieran, eta hortik aurrera eremu guztietara zabaltzeko kanpaina bereziak egiteko nahia dugu", gehitu du.

2020a aitzin, 3. domeinua

PuntuEus 2020 estrategia abiatu zuen fundazioak iaz. Horrek 2020ra arte bere buruari finkatu dituen helburu estrategikoei aipu egiten die. Helburu nagusienetarikoa PuntuEus hirugarren domeinua izatea da, ".com" eta ".es" ondoren.

"PuntuEus euskara eta euskal kultura Interneten presentzia gehiago izateko tresna bezala ulertzen dugu. Gure estrategiaren xedea euskara ingurune digital guztian lehen mailako hizkuntza izatea da", aipatu du zuzendariak.

Etorkizunari begira, fundazioak domeinuaren normalizazioa lortu nahiko luke. Norbanakoek zein enpresa edo erakundeek webgune bat abiatzerakoan PuntuEusera jotzea nahiko lukete, batez ere identifikatuak sentituko liratekeelako. "Normalizazio hori hizkuntzaren normalizazioarekin lotuta dago. Euskararen presentzia indartu nahi dugu domeinuaren bidez", nabarmendu du.