Iurre BIDEGAIN

Euskara biziarazteko, abiatzear dira maskarada muskildiarrak

Muskildiko herriak urtarrilaren 7an abiatuko diren maskaradak eskainiko ditu. Berezitasun zenbait taula gaineratuko dituen ikusgarria Xiberoko hamabost herritara eramanen du apirilaren 22ra arte. Ondoren, Baxe Nafarroatik pasa eta, Hego Euskal Herrira salto egitekoa da maskarada.

Buhamina bat Gorrien saldoan aitzinean. ©Allande Socarros
Buhamina bat Gorrien saldoan aitzinean. ©Allande Socarros

"Maskarada Xiberoan denboran irauten duen ohitura da. Euskara biziarazteko, gure herria beste herrietara eramaten duen ekimena da". Horrela definitzen du maskaradaren esanahia Xabi Elgart muskildiarrak. Aurten bere herria maskaradak emateko arduraduna izanen da. Urtarrilaren 7an abiatu eta apirilaren 22ra arte hamabost herrietara joanen dira parte hartzaileak. Lehen emanaldiaren barrikadak 09.30ean hasiko dira eta maskarada bera 15.00etan.

Badira bizpahiru urte Muskildiko gazteei ekimena berriz bultzatzeko gogoa piztu zitzaiela. 1996an azken maskarada eskaini zuen herriak, hain zuzen. Kulturaren aldeko motibazioak gidatuta, "Hur Xenda" ikusgarria sortu zuten gazteek. Udan emanaldiei bukaera eman eta, urrian entseguekin hasi ziren muskildiarrak maskarada aitzina eramateko.

Aitzinetik eskainitako dantza emanaldiari esker, parte hartzaileen artean harreman bat sortu dela dio Elgartek. Horri esker, giro oso ona bizi izan dute maskaradaren errepikapenetan. Orotara, berrogei bat gazte arituko dira taula gainean, txandaka.

Euskara plazara

Aurtengo emanaldietan berezitasun zenbait eskainiko dituztela iragarri du muskildiarrak. "Dantzei dagokienez, Muskildin beti dantzatuak izan direnak ikusten ahalko dira. Jokoan, aldiz, iaz Hartza ikusi ahal bazen, aurten berezitasun tipi bat izanen da", gehitu du.

Emanaldiaren nondik-norakoez gain, berritasun guztien gainetik, euskara jaun eta jabe izanen dela nabarmendu du Elgartek. "Xantza dugu parte hartzen duten gazteen artean bat edo bik baizik euskara ez dutelako hitz egiten. Beste guztiek, aldiz, hitz egiten dugu", azaldu du. Hain zuzen ere, "euskara plaza erdira eramatea" baita maskaraden helburuetariko bat.

Ikusgarriak ikusle zein antzezlearen arteko harreman bat sustatzeko xedea du. Betetzeko anitzetan erraza ez den helburua dela uste du Xabi Elgartek. "Ikusleak ez du baitezpada gure sentsibilitatea. Haatik, ulertzeko modukoa izatea entseatu gara", aitortu du.

Orotara, hamabost herritan eskainiko dituzte aurtengo maskaradak. Besteak beste, Pagola, Lexantzü, Urdiñarbe, Idauze, Maule eta Hokitik pasa ondoren, Muskildiko herrira itzuliko dira. Atseden tipi bat hartu eta, abuztuan Donaixtiko herria bisitatuko dutela aitzinatu du Elgartek.

Gainera, Hego Euskal Herriko hiru herrirekin ere "elekan" ari direla jakinarazi du. "Interes handia bada. Zailtasun bakarra hizkera da. Hau da, herri batzuetan zaila da dena ulertua izatea", aipatu du.