Handia filma Ipar Euskal Herrira ailegatuko da urtarrilaren 15ean

Euskal erraldoi baten egiazko istorioa pantailara eraman duen "Handia" filma Ipar Euskal Herrian estreinatuko dute, urtarrilaren 24an. Jada 90.000 ikus-entzule erakarri dituen ekoizpena Goya sarietarako hamahiru sailetan izendatua da.

Kazeta|18/12/2017 10:35|0 commentaires
Oficial_handia
Emanaldi bakoitzatik landa, eztabaida bat antolatuko dute zine aretoek.

Ipar Euskal Herrian zein Estatu frantsesean euskal zinema banatzen duen Gabarra Films egiturak "Handia" filma plazaratuko du, urtarrilaren 15ean Donibane Lohizunen hasita. Hortik aitzina, besteak beste, Hazparne, Kanbo, Maule, Hendaia eta Donapaleun ikusten ahalko da. Emanaldi bakoitzean filmean parte hartu duten lagunekin eztabaida bat antolatuko dute zine gelek.

Urriaren 20an estreinatu zutenetik aste batzuetara, 90.000 ikus-entzule erakarri ditu Jon Garaño eta Aitor Arregiren ekoizpenak. Zinemaren historiako euskarazko filmik ikusiena bilakatu da. Zinemaldian bitan sariztatua izateaz gain, Goya sarietarako hamahiru sailetan izendatu dute. Sari banaketaren ekimena otsailaren 3an iraganen da Madrilen.

"Handia" filma Ipar Euskal Herrian eskaini ahal izanen dute Gabarra Films, Euskal Kultur Erakundea eta Cinévasion sarearen elkarlanari esker. Lankidetza horren xedea euskal kultura zinematografikoaren aberastasuna ezagutarazi eta zinemaren bidez euskara biziaraztea da.


Filmaren emanaldiak, herriz herri:

Astelehena 01/15: Donibane Lohizune (Le Sélect)
Asteartea 01/16: Hazparne (Haritz Barne)
Asteazkena 01/17: Kanbo (L’Aiglon)
Osteguna 01/18: Ortheze (Le Pixel)
Ostirala 01/19: Baiona (L’Atalante)
Larunbata 01/20: Maule (Maule-Baitha)
Igandea 01/2: Urruña (Itsas-Mendi)
Astelehena 01/22: Hendaia (Les Variétés)
Asteartea 01/23: Donibane Garazi (Le Vauban)
Asteazkena 01/24: Donapaleu (Saint-Louis)