Iurre BIDEGAIN

Euskal Herriko bakearen aldeko aldarria Parisen

Milaka eta milaka herritarrek Euskal Herriko bakearen alde Estatu frantseseko hiriburuko karrikak zeharkatuko dituzte abenduaren 9an. "Orain presoak" lemapean iraganen den manifestazioak euskal presoek pairatzen duten salbuespen neurrien indargabetzea aldarrikatuko du.

Bidean dira jada Parisko karrikak beteko dituzten bakegileak. Barda Estatu frantseseko hiriburua helmugatzat duten hamarnaka autobusak abiatu ziren Euskal Herritik. Gisa berean, goizeko 04.00ak inguru bi tren Hendaiatik atera eta Baionan geldialdia egin ondoren jomuga berara helduko dira. Denei xede bera gidatzen zaie: bakearen aldarrikapena. Euskal presoei aplikatzen dieten salbuespenezko neurrien bukaera exijituko dute 12.30ean hasiko den mobilizazioan.

Beste batzuk ez trenez ezta autobusez ere ez dira Montparnassen finkatutako hitzordura helduko. Berrehun bat ibiltarik ostegunaz geroztik Paris inguruko presondegietan gaindi ibili dien martxan parte hartu dute. 12.00etan martxari harrera egitea aurreikusi dute bakearen artisauek. Guztiek elkartuta eta animazioek alaituta, hasiera emanen diote mugarri izan nahi duen ekimenari.

Animazio horiek joaldun, txaranga, trikititxa, gaitero, baita txistulariek ere ziurtatuko dute. Horrez gain, kamioi batek manifestazioa animatuko du, besteak beste, Fermin Muguruza, Bad Soud System, Zebda eta Oreka TX taldeei esker. Manifestazioa Vauban plazan bukatuko da 14.00ak aldera. Bertan eragileek zein antolatzaileek hitza hartuko dute.

Elkartasun zabala

Azken hilabete hauetan anitzak izan dira gaurko ekimenak bildu dituen babesak. Ehun eragile politiko zein sozial baino gehiagok baita elkarte andana batek ere "Bakearen alde arriskatuz" sostengu deialdiarekin bat egin dute. Ipar Euskal Herriko 1.000 hautetsi baino gehiagok ere Euskal Elkargoak presoen alde bozkatutako mozioa babestu dute. Gisa berea, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, ELB zein LAB sindikatuak eta Atxik Berrituz kolektiboak ere manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Estatu frantses mailan ere Euskal Herriko bake prozesuari elkartasuna helarazi diote. Parisko kontseiluak aho batez mozio bat bozkatu eta egun batzuetara, Christiane Taubira Justizia ministro ohia bakearen alde arriskatzeko prest agertu zen.