BAM!

Ahobizi eta Belarriprest : Aste batez euskaraz bizitzera!

IRITZIA- Astelehenaz geroztik, Baiona, Angelu eta Miarritze hiri eremuan 800 lagun baino gehiago mobilizatuak dira euskaren erabilpena sustatzeko. BAM dinamikaren helburuak azaldu dizkiote antolatzaileek Mediabask aldizkariari.

Astelehenetik haste, aste batez, 700 herritarrez gora gira Angelu, Miarritze eta Baionan barna, laranja edota ubel koloreko txapa bat papoan jantzirik. Batean aho bat marrazturik, “Aho bizi” gisa, hots, euskaraz trukatzeko nahikeria eta engaiamenduaren seinale. Bestean, belarri bat, “Belarri prest” gisa, euskara ulertzen duela abisaturik, hizkuntza honetan komunikatzeko gomita luzatzen diola parekoari. Txapa papoan jantzirik, harro, determinaturik, errespetuz, gure hizkuntzarekiko maitasuna eta atxikimendua plazaratu dugu.

Baina maitasun eta atxikimendu aitorpen bat baino anitzez gehiago dela diogu. Horregatik dugu astez aste 700 euskaltzalez goragoko sare hau osatu, prestatu eta indartu. Ondorioak ukanen ditu, bai norberaren baitan, bai plaza publikoan.

Hasteko, garenaz dugun irudipena aldatzeko balioko du: “gutti gira, lau katu gira eta euskara ez da gehiago entzuten” senditzetik, “9.000 pertsonek euskara mintzo dute, beste 6.500ek ulertzen, baditugu kasik 16.000 posibilitate euskaraz aritzeko, hots, erabiliz gero euskara entzunen dugu” adieraztera. Bai ala bai, aste honetan zehar gehiago entzunen dugu euskara: 700 Ahobizi edota Belarriprest-ok euskara entzunaraziko dugulako, orain arte isilean atxikiriko esalditxoak plazaratu ditugulako eta esaldiz esaldi ingurunea aldatu dugulako. Aldaketa ttikiek osatzen dutelako aldaketa handia.

Gure egunerokoan aldaketak ekarri ditugu: okindegian, prentsa saltokian, haurtzaindegian, jatetxean, lantokian, etxean berean… lehen hitza euskaraz luzatuz, euskaraz aritzeko gomita luzatu diegu ezezagunei. Frantses hiztunak nagusi diren heinean, badakigu usu ulertezintasuna kausituko dugula parean. Baina, berdin du: gure altxorra partekatzeko nahikeria erakutsiko diogu parekoari; agian, frantsesaz gain lurralde honetan beste hizkuntza bat dagoela ikasiko diogu parekoari; nork daki, euskara ikasteko erabakia eraginen diogu.

Baina esperientzia eginik, ondokoa ekar lezakeela ere badakigu, artetan uste ez genuena gertatuko zaigula: frantses hiztun gisa aurreikusiriko pareko ezezagunak euskaraz erantzunen digula. Hau bai, sorpresa, poza eta garaipena! 700 herritar, ez da gutxi eta ez da dudarik, ezagun ala ezezagun, txapadunak gurutzatuko ditugula astean zehar. Txapaz oharturik, lekua egin diogu euskaraz aritzeko plazerari.

Aste hau izanen dugu oinarri. Baina abenduaren 3aren biharamunean ere sendituko dugu abiaturiko dinamika. Aldaketa bat errepikatzeak bideratzen duelako aldaketa hau ohitura. Aldaketaz aldaketa, esaldiz esaldi, hizkuntza ohiturak aldatzeko gaitasuna dugu, denon artean, euskara plaza publikoan egotea ohiko bilakatzeraino. Baiona, Angelu eta Miarritze hiri-ingurunea euskalduntzera goaz! Bam!!!

— Izenpetzaileak: Nora Arbelbide Lete, Uhaina Azpeitia, Jenofa Berrokoirigoin, Jakes Bortayrou, Hélène Charritton, Ekhi Erremundegi, Enrike Lopez, Bea Sallaberri, Nahiara Saralegi, Gilen Zaldunbide.