Amaia FONTANG

Azaroaren 25an, berriz ere!

IRITZIA- Azaroaren 25ean ospatu zen Emazteen kontrako bortizkeriaren egunaren karietara, gaur egungo egoeraz hausnartu du Amaia Fontangek. Bere iritziz, emazteen kontrako injustizia guztiak kontutan hartuak izan daitezen, "bada garaia politika aurrerakoia martxan jartzeko".

Amaia Fontang iruditan.
Amaia Fontang iruditan.

Aurten ere plazara atera behar izan dugu oroitarazteko emazteen aurkako bortizkeriak munduko errealitatea direla oraino.

Amerikako Estatu Batuetan, 15 segundo oroz emazte bat jipoitzen du bere bikotekideak; Hegoafrikan, 23 segundo oroz emazte bat bortxatzen dute; Bangladeshen, kasik emazteen erdiak beren bikotekidearengandik tratu txar fisikoak jasan ditu...

Mundu osoan, Nazio Batuen Erakundearen arabera, emazteen %70 indarkeriaren biktima dira. Ondorioak? 19 eta 44 urte bitarteko emazteen heriotza-kausa nagusia ez da minbizia edo bide-istripuren bat, etxeko indarkeria baizik, Women’s Aide elkarteak agerian utzi duenez.

Zifrak esangarriak eta kezkagarriak dira: Frantses estatuan, Emazteen Eskubideen Ministerioaren arabera, bi egunetik behin emazte bat hiltzen du bere bikotekideak eta sei minuturo emazte bat bortxatua da.

Hemen berean, Euskal Herrian, mundu osoan bezala, gaur egun, 2017an, oraindik ere emazteok  indarkeria sexistak eta sexualak jasaiten ditugu: bortizkeria psikologikoa, derrigorrezko prostituzioa, manipulazioa, karrikako jazarpena, biolentzia  fisikoa, sexu erasoak, bikotekideen bortxaketak, erailketak, erakundeen biolentzia, gazte prostituzioa, eguneroko indarkeria ekonomikoa, umiliazioak, mehatxuak, jazarpen moralak...etab...

Une honetan IRUÑAN "La manada" deitzen den gizon taldearen epaiketa gertatzen ari delarik emazte guziak altxatzen gira erraiteko: "Yo si te creo!"

HOLLYWOOD- en, WEINStein afera mundu osora hedatu da… emazteen hitza  askatzen ari da .... usaiazkoak ez diren milaka emazteen lekukotasunak heldu zaizkigu eta emozioz beterik entzuten ditugu.

Emazte ospetsu horien salaketak gure belarrietarat heldu badira ere, zenbat dira oraindik isilik egoten diren emazteak, zenbat dira entzunak ez direnak, zenbat dira gertatutakoa kontatu ondotik, histerikotzat hartuak direnak...?
Luzaz ukatuak edo toleratuak, beti apalduak edo arinduak, gizon eta emazteen arteko bereizketak justifikatu ohi ditu bortizkeria horiek, desberdintasun "naturala" sozialki integratuta delako. Baina gizonen dominazio harremanetan finkatuak dira, sekula ez dira maitasun handiaren adierazpena, bestearen zapatzea baizik ez dute bilatzen.

Haurtzaroan irakasten den genero nozioak mailak finkatzen ditu neskatila eta mutikoen artean,  bakoitzaren gaitasunen eta jokabideen eredua eta eremua zedarritzen ditu eta, emazteak menpean ezarriz, haien aurkako indarkeriaren sortzeko erroak barnatzen ditu.
 Genero kontzeptuaren kontrako mugimendu atzerakoiak ez dira tronpatu. Berdintasunaren sortzeko ahaleginen aurka propaganda basati eta gezurtia daramate, sexu biologikoa eta generoa nahastekatzen dituzte, ikasleen gurasoen durduzatzeko eta gobernuak bere konpromisoetan gibelera egin dezan presionatzeko.   


Haien predikuetan aspaldiko errepika zaharrak ezagutu ditugu: 1988ko urrian, RU 486 abortu-pilularen ekoizpenaren geldiaraztea lortu zuten, IVG-aren aurkako komando eta taldeen ekintzen bidez.

Bada garaia politika aurrerakoia martxan jartzeko, emazteen kontrako injustizia guztiak kontutan hartuak izan daitezen.

Erronka baten aitzinean gira; jendarte patriarkala honen erroak moztu eta emazte eta gizonen arteko beste harremanak sortuko dituen jendarte bat eraikitzea gure esku dago, denen esku dago.

Jo aitzina!