Iurre BIDEGAIN

Amizkutarren galdeari erantzunen duen irrati antena berria

Irulegiko Irratiak antena berri bat sortuko du Amikuzen. Urtarrilaren 1etik aitzina martxan jarriko den proiektuak amikuztarren beharra eta eskakizunari erantzuteko xedea du.

2018ko urtarrilaren 1ean abiatuko da Amikuzeko antena berria. © Peio Soulé
2018ko urtarrilaren 1ean abiatuko da Amikuzeko antena berria. © Peio Soulé

Irulegiko irratiko antena Amikuzera itzuliko da urtarrilaren 1etik aitzina. 2002an entsegu bat egin eta, arazo ekonomikoen eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten proiektua. Orain, amizkutarren desioa betetzeko nahiak gidatuta, antena berri bat idekiko du komunikabideak. Irulegiko Irratiak orain arte erabiltzen zuen 94.2 freuentzian emititua izanen den programazioak lau orduko saio bat ziurtatuko du.

"Urteroko kanpaina egiterakoan galdea bazela ohartu ginen. Amikuztarrek erraten ziguten ez zirela agertzen bere eskualdeari buruzko informazioak eta indar gehiago ematen geniela Baigorri eta Garaziri", azaldu du Kattalin Indaburu Irulegiko Irratiko langileak.

Horiek horrela, badira sei hilabete lanean ari direla egitasmoa burutzeko. Ibilbide horretan ez dira bakarrik aritu. Erregularki egin dituzten bilkuretan amikuztarrek ere parte hartu dute: hautetsi, elkarteko kideak, ikastolako ordezkariak… Horiei esker sare bat osatu du tokiko irratiak. Bakoitzak sarea garatzeko ardura zuen eta hala egin dute parte hartzaileek. "Dinamika bat sortu da eta oso baikorra izan da", erantsi du animatzaileak.

Euskara sustatu

Kronikak, kirol saioak eta gisa anitzetako proposamenez gain, euskararen erabilpena sustatu nahi du Irulegiko Irratiak. "Gaur egun eskola gehienak elebidunak dira Amikuzen. Biziki pozik gara. Animaleko desafioa da. Amikuzen bizi anitz bada, eta ez da aski argitaratua", aitortu du Indaburuk.

Proiektua guztiz burutu ahal izateko, diru bilketa bat abiatuko du Irulegiko irratiak bere webgunean abenduaren 1ean. Bildutako ekarpen ekonomikoak sortuko den lanpostua eta lokala finantzatzeko erabiliko ditu. Crowfunding kanpaina aurkezteko eta egitasmoari buruzko informazioa eskaintzeko, bilkura publiko bat antolatu du ostiralerako 20.30ean Donapaleuko zerbitzu publikoen etxean.