Julen OILLARBURU

Egutegia gureganatu

IRITZIA- Euskal Herritik urrun dagoen Txileko errealitateaz hausnartu du Julen Oillarburu Elekako kolaboratzaile berriak. Sinboloen objektibizazioa ardatz hartuta, aipaturiko herrialdearen ohiturak gogora ekarri ditu.

Julen Oillarburu iruditan.
Julen Oillarburu iruditan.

Valparaiso-tik,

Egutegia, sozietate baten errituak definitzen dituen makina boteretsua da, urtero hainbat egun sinboloz betetzen dituena. Txilen Irailaren 18a eta urriren 12a mito historikoen ospatzeko bi data dira; nazio-estatuaren menpekotasun tresna gisa interpreta ditzakegu hauek.

Sinboloen objektibizazioa

Urriaren 12an, topaketaren kondaira oroitarazten da Txilen1, "Dia del encuentro de dos mundos" izendatua. 1492an iragan zen: bi munduren arteko topo eguna, harreman berri baten seinale positiboa izan ote zen?
Bernal Diaz de Castilloren* hitzek laburbildu ditzake Amerikan zabalduko zen eredua; "en lo que mas se empleaban [konkistatzaileak] era en buscar una buena india y algun despojo" 2.
Orduan, Kristobal Kolonek bere izena eredu horri eman zuela eta; gaur egun, Txileko estatuaren pribilegioa izan da eredu horren ukatzea.

Historiaren mespretxa izan ezik, topaketa hitzaren erabilpenak zer jokamolde islatzen ote du estatuaren ikuspuntutik?

"Dia del encuentro de dos mundos": bi munduren topaketa sinplea? Adierazpen horrek, erran-nahi politikoz hustu du topaketa hitza. Botereak historiari bat-bateko bira eman dio, objektibizazioaren aldera. Holakoak dira sinboloak, gertaera bat historiaren gailurrean jartzen dute, ukiezina edo kontestaezina bilakarazteko. Orduan, "topaketa" hitzaren aniztasunak urriaren 12ko eguna memorietan txertatzea eragin zuen Txilen; kolonialismoa, fenomeno despolitizatu baten gisara mozorrotu du.

Honen arian, Max Weber alemaniar soziologoak estatua "bortizkeria fisiko legitimitatearen monopolioa"-n oinarritu zuela eta, aspektu sinbolikoari zabaldu dezakegu definizioa. Guarani, Aymara, Maputxe edo beste jatorrizko populuek, estatuaren bortizkeria sinboliko legitimoa jasaiten dute.

"Dia del encuentro de dos mundos" eredu idealistan ulertu daiteke ere; gizaki berri baten sorteguna bezala, amerikanoa edo mestizoa ("criollo"), espainola ez dena. Simon Boliverek holako itxura ematen zion3: "no somos indios, ni europeos, sino une especie media entre los legitimos proprietarios del pais, y los usurpadores españoles; en suma, siendo nosotros americanos por nacimientos"*. Nortasun bateratuaren aldarrikapena egituratu zuen, burujabetza lortzea estrategia politikotzat hartuz.

Narrazio nazionala oroitzapenez eta amnesiaz eraikitzen da

Gorriz, zuriz eta urdinez koloreztatutako zirtzilkeriek bat-bateko agerraldia egin dute Valparaiso-ko karriketan, "Fiestas Patrias" izeneko bestak hurbildu direlarik. Duela ehunta zazpi urte, Txileko elite mestizatuak – la elite criolla – batzar autonomista osatu zuen Santiagon, irailaren 18an. 1818an O'Higgins jeneraleak idependentziaren agiria izenpetu zuenetik, Txile estatu ofiziala bilakatu zen; "para siempre separados de la Monarquía de España" 4.
Baina, Txileko elitea Talcan prozesioan izan arren, laborariak laborantzan segitzen zuen, zerbitzariak zerbitzuan eta maputxeek, espainol kolonia denborako lurrak eta autonomia pixkanaka galduko zituzten.

Independentziaren agiriko azken esaldian idatzia zen bezala, Txile "firmada de nuestra mano, signada con el de la nación" 5.
Bernardo O'Higgins, José-Miguel Carrera edo Manuel Rodriguez-ek nazioa ordezkatu omen zuten. Gorputz bakarreko nazioa, homogeneoa. Urtez-urte kantuen, dantzen edo demostrazio militarren bidez ospatzen den chilenidad-ea. Baina nazio baten eraikitzeko eta batzeko beharrezkoak dira itxura heroikoak, baita legendak oroitaraztea ere; alderantziz, beste batzuen ahanztea ere baitezpadakoa da.
Santiagoko karrika nagusienetariko batek Pedro de Valdivia konkistatzaile espainolaren izena hartu arren, oroitzen girea Lautaro maputxe gazteak haren armadari aurre egin zihoala? Eta 1554-an, Marihueñu-ko batailan inbasoreak Araukaniatik kanporatu zituela?

Horrez gain, egunez-egun usaiak deitutako erritu asko burutzen dira. Txilen, dendatik ateratzean, usutan 100 pesos chilenoko piezak gelditzen zaizkigu sakeletan. Aldean; "Republica de Chile" eta "Pueblos Originarios"- idatzirik agertzen dira maputxe bisaia baten inguruan. Funtsean betiko integrazio-desintegrazio logika: ezagupen kultural minimoa, folklorearen muga zeharkatu gabe eta beste aldetik desagerpen instituzionala, "Republica de Chile"-pean. Bestela erranez, nortasun kulturala aitortzen den unean, nortasun politikoa ukatzen da. Hori baita folklorea azkenean: kulturaren despolitizazioa.
Nazioaren batasunaren ideia inposatu ordez, Bolibiako estatuak beste aterabide bat aurkitu zuen. Estado Plurinacional de Bolivia izena hartu zuen.

Sinboloei desobeditu

Egutegia sozietate baten errituak definitzen dituen makina boteretsua da, eta Hernan Cortesek  bazekien. XVI. mende hasieran Mexiko konkistatu zuelarik, bere lehenetariko ekintza egutegi kristaua mexicas populuari inposatzea izan zen. Haien sozietatea estrukturatzen zituen besta edo sakrifizio errituak debekatu zituen.

Gaur egun, errealitatearen haien/gureganatzea, Maputxe, Rapa Nui, Euskal Herria, Katalunia, eta garatzekotan diren beste hainbat komunitate politiko autonomo edo populuen desafioa da. Burujabetzaren oinarria baita sinesmena, eta sinesmenaren sendotasunaren oinarriak egutegia edo sinboloak dira. Inposatzen zaien/zaigun tenporalitatearen uztarritik askatzeko, haien/gure uharte legitimo isolatu(ar)en denbora eta espazioa auto-kudeatzeko, sinboloei desobedientzia beharrezkoa da.

Urriaren 9-an Maputxeek, "Dia del encuentro de dos mundos" egunaren aurka manifestaldia antolatu zuten Santiagon. Errepresio fisikoa izan zen eta carabineros-en sirenen artetik, entzuten ahal omen zen : "Ellos son los ladrones, nosotros luchamos por recuperar nuestra tierra".

____

1. Tradizionalki Dia de la raza deitzen den besta Amerikako herri guzietan (salbu Brasil) ospatzen da, ikuspuntu desberdinekin : Kulturaren  aniztasunaren sentsutik : Txilen (« Dia del encuentro de dos mundos » 2000-tik goiti), Argentinan (Día de la Diversidad Cultural Americana) edo Uruguai (Día de la Diversidad Cultural). Edo jatorrizko populuei omenaldi gisa : Nikaraguan (« Día de la Resistencia Indígena, Negra y Popular ») ; Venezuelan (« Día de la resistencia indígena »). Eta beste hainbat ikuspuntu : Kolonbian (« Día de la Raza y la Hispanidad ») ; Guatemala (« Dia de la Hispanidad »)...
2. “Haien helburu bakarra India on bat aurkitzea eta aberastasunen ebastea izan zen”  
Bernal Diaz de Castillo-k Cortes-en espedizioan parte hartu zuen eta urteak gero esperientzia hori idatzi zuen.
3. «Sortzez amerikanoak izanik ; ez gira indioak, ez eta ere europarrak, baizik eta lurralde honen jabe legitimoen eta usurpatzaile espainolen arteko espezie bat », Jamaikako gutuna, 1815
4. « Betirako Espainol Monarkiaz separatuak », Txileko independentziaren agiria, 1818
5. « Gure eskutik izenpetua, nazioarenaren eskutik bideratua », Txileko independentziaren agiria, 1818