Kazeta

Kataluniaren aldeko manifestazioa antolatu du EH Baik azaroaren 18rako

"Kataluniarekin bat! Demokrazia eta autodeterminazioa" lemapean, manifestazioa antolatu du EH Baik Baionan azaroaren 18rako. Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko, baita Estatu espainiarraren jarrera salatzeko ere mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du mugimendu abertzaleak.

EH Bai, Aitzina eta LAB sindikatuak Baionan antolatutako elkarretaratzea. ©Isabelle MIQUELESTORENA
EH Bai, Aitzina eta LAB sindikatuak Baionan antolatutako elkarretaratzea. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Herriek erabakitzeko duten eskubidearen alde mobilizazio berri bat antolatu du EH Baik. Heldu den azaroaren 18an Baionako Euskaldunen plazatik abiatuko den martxa prestatu du. "Kataluniarekin bat! Demokrazia eta autodeterminazioa" lemapean, Estatu espainiarraren jarrera "arduragabea" deitoratuko du mugimendu abertzaleak.

EH Bairen aburuz, azken asteetako gertakariak kontutan harturik, Gobernu espainiarrak "etapa berri bat gainditu du errepresioaren bidean". " Espainiar gobernuak errepresioaren hautua egin du, eztabaidari uko eginez, indarkeria eta tresna anti-demokratikoenak baliatuz. Europar komunitatearen isiltasun adierazgarria jasanezina" dela dio.

Euskal Herrian, "beste nehon baino gehiago" errepresioaren "eskalada hau eta Pariseren sostengua duen Madrilen burugogorkeria ezagutzen ditugu".

Kataluniari babesa adierazteko prestatu duen mobilizaziora batzeko deia luzatu die arduradun politiko, hautetsi, militante, mugimendu sozial, sindikatu baita elkarteei ere. Aitzina gazte mugimenduak protestarekin bat eginen duela iragarri du sare sozialen bidez.

 

EH Baik antolatutako manifestazioarekin bat egin du LAB sindikatuak. Bozkatzeko eskubidea demokraziaren zein autodeterminazioaren oinarria dela dio agiri baten bidez. "Kataluniako populuak demokratikoki bozkatu du eta denen eginbidea da ere eskubide hori errespetaraztea", erantsi du.