Kazeta

Katalunia: bi atxiloketa elkarrizketarako deiari erantzuteko

Jordi Cuixart Omnium Cultareleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko lehendakaria atxilotu ditu Audientzia Nazionalak. Guardia Zibilaren kontrako "setio bat" sustatzea leporatu die. Katalunian deituriko mobilizazioez gain, Euskal Herrian ere protestak antolatu dituzte urriaren 17rako.

Jordi Cuixart eta Jordi Sánchez atxilotu zituzten urriaren 16an.
Jordi Cuixart eta Jordi Sánchez atxilotu zituzten urriaren 16an.

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak elkarrizketarako deia berretsi zuen egun berean, bi lagun espetxeratzeko aginduarekin erantzun zion Audientzia Nazionalak. Jordi Cuixart Omnium Cultareleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko lehendakaria atxilotuak izan ziren barda, 21.30ak aldera. Fidantzarik gabeko behin-behineko kartzelatzea ezarri diete.

Carmen Lamela Estatu espainiarreko Auzitegi Nazionaleko epaileak eman du agindua. Nabarmentzekoa da epaile berak Altsasuko gazteak kartzelan mantentzen dituela. Erakunde suberanisten presidenteei irailaren 20 eta 21ean Bartzelonan antolaturiko mobilizazioetan Guardia Zibilaren kontrako "setio bat" sustatzea egotzi die.

Justiziaren arabera, irailaren 20 eta 21ean Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aitzinean egindako protesten erantzuleak dira Cuixart eta Sanchez. Egun horretan, kontseilaritza miatzea agindu zutenean, milaka lagun batu ziren eraikinaren kanpoaldean. Hainbat elkartek elkartzeko deia luzatu zuten. Lamelaren aburuz, Omnium eta ANC "nabarmenenak" dira.

Kartzeleratuak izanen zirelaren susmoak gidatuta, Cuixart eta Sanchezek bi bideo utzi zituzten grabatuta. Egoerari aurre egiteko "konfidantza eta lasaitasuna" eskatu zuen Cuixartek. Ildo horretatik, protesta baketsuak egiteko deia luzatu zuten biek.

Gaurko, 12.00etan lanuzteak eginen dira lantokietan eta 19.00etan elkarretaratze isilak antolatu dituzte Bartzelona, Girona, Lleida eta Tarragonan. Gisa berean, Gure Esku Dagok mobilizazioak deitu ditu 19.00etan Euskal Herriko plazetan.

Ipar Euskal Herrian ere, protesta bat burutuko dute 19.00etan Hendaiako Herriko Etxearen aitzinean. EH Bai mugimendu abertzaleak "lotsagarritzat" jo du bi presidenteen atxiloketa.